Erandioko Udalaren Gazteria Arloak sustatutako truke egitasmoari esker, joan den ostegunean egin zieten ongi etorria, tokiko udaletxean, Greziako zortzi gazteri eta Suediatik etorritako beste seiri. Hamalau neska-mutil erandioztar lagun zituztela, Martiartuko dorretxea, Andra Mari eliza, itsasadarra eta Erandioko beste hainbat txoko bisitatzen ibili dira; baita Bilbo, Urdaibai Biosferaren Erreserba edota Gernikako Batzar Etxea ere. Santi Neira Kultura zinegotziaren arabera, "euren kultura, ohitura eta hizkuntza elkarri ezagutaraztea" da ekimenaren helburua, "berdintasuna sustatu eta diskriminazioa baztertzearekin batera". Erandioko nesketako batek zehaztu zuzenez, kirolari ere garrantzi handia ematen diote aipatu topaketetan, "kultur artekotasuna sustatzeko tresnatzat hartuz". Besteak beste, Euskal Herriko zein Grezia eta Suediako herri kirolak, arrauna eta piragua egiteko aukera eduki dute astean zehar gazteek. Gainera, hori guztia bideoz jasoko dute: "kultur ezberdinen arteko harremanak sustatzeko, kirolak zelan erabili daitezkeen azalduko du bakoitzak, ingelesez; eta gero, pelikula Europako webgunean eskegiko dugu", azaldu dutenez. Argazkian, gazte guztiak, Jose Goikouria alkatea eta Santi Neira zinegotziarekin.