Portugaleteko Santa Maria abesbatzak emango dio hasiera jaialdiaren 23. ekitaldiari, habaneren eta itsas kantuen errepertorio zabala erakutsita. Abesten dituzten kantuen artean betiko abestiak, kantu berriak eta antzinakoen moldaketa berriak daude. Abesbatza 1978. urtean eratu zen, ahots mistoen talde gisa eta, ordutik hona, hainbat saio eskaini ditu Euskal Herri barruan zein kanpoan. Halaber, hainbat lehiaketatan parte hartu du eta 1984an eta 1985ean sariak irabazi zituen San Vicente de la Barquerako Habanera Lehiaketan. 2001ean bere lehenengo diskoa grabatu zuen: "Un puente hacia la ilusión", hain zuzen ere.
Bestalde, Berganti taldea 1982ko udazkenean sortu zen. Bere jarduera luzean 1.300 saio baino gehiago egin ditu, ez bakarrik Katalunia barruan zein kanpoan, baita Europan eta Amerikan ere. Egun arte, bost disko grabatu ditu. Gainera, 1988ko Calella de Palafrugelleko Cantadako diskoaren edizioan parte hartu du, 2000ko Mostra de l’Havanera Catalana ekitaldian (Palamos) eta 2001eko "Homenatge al mestre Ortega Monasterio" diskoan ere.
Kubako itsas doinuak
Amaitzeko, azken jardunaldian, Caracol taldea ariko da. Habanan sortu zen 1995ean, Kubako hiriburuko Habaneren Jaialdian bere obra aurkezteko asmoz. Han lortu zituen, alde batetik, Konposizioaren Saria "Habanera a ti" piezarekin, eta bestetik, talde onenari ematen zitzaion Interpretazioaren Saria ere. Arrakasta hori ikusita, kideek taldearekin jarraitzea erabaki zuten. Hasieratik, taldeak Kuban, Espainian, Mexikon, Venezuelan eta Italian aritu da, besteak beste, eta Iberoamerikako ahots-musikan eta instrumentu-musikan oinarritutako errepertorioa interpretatu izan dute.