Getxophoto jaialdia 2007an sortu zen. Hirugarren edizioa da beraz eta hori da, hain zuzen ere, kartelean azpimarratu nahi izan dena. Kartelak 3 erraldoi bat harro erakusten du Getxophotoren logotipoaren gainean; pasadan urtean Stockholm-en (Suedia) ospatutako European Design Awards lehiaketan saria jasotako marrazkia alegia. Aurten ere, hirugarrenez, Alejandro Castellote izango da jaialdiko komisario lanak burutuko dituena. Bere begirada pertsonala Txina, Taiwan, Hego Korea eta Japon-etik datozen obretan islatuta ikusiko da, 2009ko obrak batzen dituen haria egun herrialde hauetan egiten denarekin bat baitator.
Bertsoak eta argazkilaritza uztartuz
Erakusketak hile osoan zehar ikusi ahal izango dira, irailaren 10etik urriaren 11ra arte. Jaialdiaren ekintza nagusiak, ordea, lehen asteburuan egingo dira. Lehen aipatu proiekzioarekin batera, Bertsophoto izeneko ikuskizunaz gozatu ahal izango da ostiral honetan, irailak 11, Algortako Zabala eskoletan. Ordua 21:00etan jarri dute, sarrera doan. Getxophotok antzinako ohitura eta argazkilaritza uztartzen dituen formatu berria garatu du. Peio Unzurrunzaga gai jartzaile dutela Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Jon Martin Getxoko kaleetan ikusgai izango diren argazki boteretsuenei buruz jardungo dira, bat-bateko bertsoak eskainiz.