Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak eta Iñaki Ezkurra erakunde bereko sailburuorde ohiak, biak Eusko Alkartasuneko kideak, auziperatu gisa deklaratu beharko dute Erandioko Asua auzoan egindako lindano zabortegi "ilegal eta klandestinoaren" auzian.
"Berria" egunkariak zabaldu duenez, Bilboko 7. instrukzio epaitegiak arrazoia eman dio horrela
Lur Maitea erakunde ekologistari. Lur Maiteak aspaldi aurkeztu zuen salaketa eta 1394/03 zenbakiko auzian Euskalduna zabortegian lindano bota izanaz gain, hondakin arriskutsuak Argalariora eraman ondoren zabortegiko eremua behar bezala garbitu gabe Prycari saldu eta merkataritza gune handia (egun, Carrefourrena dena) eraikitzen utzi izana ere leporatu zien Eusko Jaurlaritzari, Erandioko Udalari, Ihobe SA ingurumen kudeaketarako enpresa publikoari eta Edificaciones Industriales Asua SA (Edinasa) enpresari. Larrañagak eta Ezkurrak hilaren 21ean agertu beharko dute epailearen aurrean, haiekin auziperatuen kopurua bederatzi izatera helduko dela. Argazkian, Larrañaga / © Eusko Alkartasuna.