Getxolan marka berria aurkeztu dute gaurko prentsaurrekoan Imanol Landa alkateak eta Aitor Soloeta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak, hemendik aurrera Udalak alor horretan eskaintzen dituen zerbitzuak batzen dituena, alegia. Hartara, Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Bulegoa (Behargintza) Getxolan deituko da aurrerantzean. Pertsona eta enpresei enplegu eta ekonomi sustapeneko zerbitzuak eskaintzen dizkieten eragileak anitzak direla ohartuta eta dauden baliabideak eskuratzea errazagoa egin aldera sortu dute marka berria, udal agintariek aipatu dutenez. Landaren hitzetan, ekimen honen helburua zerbitzu horiek bultzatu eta herritarren eskura ipintzea da, bereziki ekonomiak beheraldia bizi duen honetan. “Herritarrengana hurbildu nahi dugu 'leihatila bakarra' delakoaren bitartez, baita udalerrian ekonomi sustapen eta enpleguaren esparruan erreferente izatea ere. Hitz batean esanda, izen propioa sortu dugu, grafismo bereziarekin, eta berariazko eta egungoarekin bat ez datorren funtsarekin, zerbitzuaren publiko objektiboak-bezeroek erraz identifika dezaten”, esan du alkateak. Argazkian, Landa eta Soloeta Getxolan aurkezten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!