Uribe Kostako gazte mugimenduak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, irailak 10, Bilboko Buenos Aires kaleko Bizkaiko Lurraldeko Auzitegi aurrean. Ordua goizeko bederatzietan jarri dute. Izan ere, bihar bertan, hainbat neska-mutilen aurkako bi epaiketa izango dira. Batetik, Kepa Saratxaga, Urtzi Paul, Zigor Goikoetxea eta Endika Lejarzegi Algorta eta Getxoko gazteak epaituko dituzte Bilboko Zigor Arloko 6. zenbakiko epaitegian. 2002an Getxo udalerrian ospatutako Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen aldeko jaian, txosna bat desmuntatzera joan zirenean erresistentzia egin eta kalteak eragitea leporatzen die lauei Ertzaintzak. Epaiketa apirilean egitekoa zen, baina
atzeratu egin zen Endika Lejarzegi preso politikoa auzitegira eraman ez zutelako. Oraingo honetan, gaztea joan zen astean atera zuten Monterrosotik (Lugo, Galizia) Langraizera eramateko. Bestalde, 19 lagun (kazetariak barne) epaituko dituzte, orain urte bete
Zaratamon AHTren obren aurka egindako ekintzagatik. Hasiera baten Ertzaintzak kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali zuen,
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak AHTren aurkako ekintzak terrorismotzat jotzeko agindua jarraituz. Auzitegi Nazionala inhibitu egin zen eta orain falta epaiketa da,
AHTren Aurkako Asanbladak zehaztu duenez. Argazkian, Bizkaiko Lurraldeko Auzitegia /
Audiogela.