Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak
gaur jakinarazi die Demokrazia Hiru Milioi (D3M) eta Askatasuna alderdi politikoetako 13 laguni, "ETAko kide edo laguntzaile izatea" egotzita auziperatuko dituela. Bitartean, Vicente Gonzalez Mota fiskalak horietako zazpiri martxoan jarritako 6.000 euroko fidantza mantentzeko eskatu dio magistratuari,
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Egoera horretan egongo lirateke Iker Rodrigo lutxanarra, Eli Zubiaga algortarra, Arantza Urkaregi Leioa eta Erandioko campuseko irakasle bilbotarra eta beste lau lagun. Baldintzapean aske dira guztiak. Rodrigo, Zubiaga, Urkaregi eta beste bost herritar
urtarrilaren 23an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, D3Mren aurkako operazioan. Zortziak martxoaren bukaeran atera ziren kartzelatik. Argazkian, orduko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.