Ikastaroetan lehena “Birziklatzea Artean” izango da, irailaren 21, 24 eta 28an eta urriaren 1, 9 eta 16an, 19:00etatik 21:00etara, Algortako kultur etxean. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratuta dago eta espainolez eskainiko dute. Sormena eta irudimena sustatzeaz gain, hondakin edo erabilitako materialez baliatuta, erabilera arrunteko gauzak, funtzionalak edo berriak egingo dituzte.
“Ilustrazio digitalaren hastapenak” izango da bigarrena, 12 eta 17 urte bitartekoentzat. Ikastaroa espainolez izango da, azaroaren 2, 5, 9, 16 eta 19an, 18:00etatik 20:00etara, oraindik zabaltzeke dagoen Algortako Urgull kaleko Gauegun gaztelekuan eta KZgunean. Ilustrazioaren mundura hurbilduko dira parte hartzaileak eta, horrekin batera, kontzeptuak ilustratu, material eta teknikak landu eta tailer praktiko batean ere parte hartuko dute.
Bostetik bi ikastaro euskaraz
Hirugarrena xaboiak egiten ikasteko ikastaroa izango da, urriaren 19, 21, 23, 26 eta 30ean, 18:30etik 20:30era, Gauegun gaztelekuan, 12 eta 17 urte bitartekoentzat, euskaraz. Glizerina oinarri duten xaboi lurrintsuak egingo dituzte, aromaterapia eta olio esentzialak ezagutzeaz gain.
Urriaren 1, 8, 15, 22 eta 29an eta azaroaren 6an, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek “Jarri erritmoa zure sexualitateari” ikastaroa egiteko aukera edukiko dute Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian, espainolez. Ordutegia 18:30etik 20:30era izango da. Sexualitatea eta sexudun gorputz modu pedagogiko eta osasuntsuan landuko dute. Aldi berean, adinari dagozkion beldurrei, ziurtasun-gabeziei, larritasun eta fobiei nola aurre egin landuko dute eta musika eta gorputz-ariketen bidez, esparru erotiko-afektiboari helduko diote.
Azkenik, Derivefanzina ikastaroa urriaren 15, 17, 24 eta 31n izango da euskaraz eta espainolez Algortako kultur etxean eta Bilboko Arte Ederretako Museoan, 16 eta 19 urte bitartekoentzat eta ordutegi desberdinetan. Fanzine bat egingo dute eta, horren bidez, parte hartzaileek beren interesak adieraziko dituzte.