Gaur zendu da 65 urte zituela Javier Caño Moreno EAko kide historikoetakoa eta eusko legebiltzarkide izandakoa. Barakaldon sortu zen, 1943an; baina Areetan bizi zen. Hain zuzen ere, aipatu auzo getxoztarrean egingo dute ostiral honetan, irailak 11, haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etatik aurrera, Mesedeetako Ama elizan. 1979-1980an Euskal Kontseilu Nagusiko idazkaria izan zen Caño, eta 1980-1985ean Eusko Jaurlaritzan hartu zuen parte, Lehendakaritza eta Lan sailetan, lehendakari Carlos Garaikoetxea zela, EAJko kide gisa. Gero EAra pasatu zen. 1986-1990 artean Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen eta 1991n Justizia kontseilari izendatu zuten. Zuzenbidea ikasi zuen, eta 1997-1999 artean Deustuko Unibertsitateko dekanoa izan zen Zuzenbide Fakultatean. Hainbat lan idatzitakoa da foruez eta eskubide historikoez; adibidez, "Nacionalismo, autodeterminacion e independencia". Argazkian, 2006an EAko
Alkartasuna Fundazioko lehendakari izendatu zuten eta hainbat jardunaldi aurkeztu zituen bertan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari izandako Carlos Garaikoetxearekin batera / © Alkartasuna Fundazioa.