AHTren Aurkako Asanbladaren oharra:
AHTren bultzatzaileak izan beharko lukete inputatuak!
50 lagun inguru bildu dira gaur goizean Bilboko epaitegien aurrean AHTren aurka Zaratamon bidea moztu zuten ekintzaileei babesa adierazteko. Bertan bildutakoek "inputatuak AHTren bultzatzaileak izan beharko luketela" adierazi dute. Hauek minimo legalak ere ez dituztela betetzen gaineratu dute.
AHTren aurka gaur goizean bildu direnek AHTren bultzatzaileek ez dituztela minimo legalak ere betetzen salatu dute. Izan ere, lanetan diharduten enpresen betebeharretako bat uraren mugimendu eta tratamendu guztiei buruzko ingurugiro txostena hilero Uraren Euskal Agentziari aurkeztea da. AHTren aurkakoek salatu dutenez "lanak hasi eta urtebetera Uraren Euskal Agentziak ez du obrak hasi direnen berririk ere".
Horren frogak ere aurkeztu dituzte AHTren Aurkako Asanbladako kideek. Uraren Euskal Agentziari idatziz AHTren lanetan ari diren enpresen ingurugiro txostenak eskatu zizkieten.
Agentziatik jaso zuten erantzuna telefono erantzungailuan utzitako mezua izan zen. Bertan agentziako kideak tren azkarraren Galdakao-Basauri zatiko lanak hasi gabe daudela dio, lanak hasi eta urtebetera.
AHTren Aurkako Asanbladaren ondorioa garbia da: "enpresa eraikitzaileek txosten bakar bat ere ez dute aurkeztu eta Uraren Agentziakoak ere ez dira asko arduratu". Gainera, "obra faraoniko honen instituzio bultzatzaileetako batek ere ez zien abisurik eman ingurugiro kontutxo hauez arduratzeko", salatu dute.
Araudiaren arabera Uraren Euskal Agentziek eta enpresa eraikitzaileek egin beharrekoa
Galdakao eta Basauri arteko AHTren zatiko obrei dagokien ingurumenaren inguruko txostena aurkeztu beharko da hilero (Zaintza eta Kontrol Plana). AHTa eraikitzeko obrak hasteak kaltetuko duen ingurunean Hidrologiaren Zaintza ezarriko da, eta obrek iraun bitartean zaintza hori nola joan den islatuko da txostenean. Obrak hasi aurretik eta obren faseek iraun bitartean, zenbait neurketa egin beharko dira: kaltetutako ibilguen egoera ekologikoa zehaztu (obrak egiten ari diren gunetik ibaian gora eta behera); ibilguen ur-ingurunearen egoera fisiko-kimikoa zehaztu (iturburuak eta putzuak barne); ibai eta errekastoen analisi fisiko-kimikoa hilero egin; beteketa, iturri eta iturburuen hondoko drainaren analisi fisiko-kimikoa sei hilean behin egin; eraikuntza-fasearen arabera tunelen analisi fisiko-kimikoa egin; ibaien eta ur-masen kalitate ekologikoaren adierazle biologiko eta hidromorfologikoak aztertu; AHTren obrak gauzatu bitartean inguru hurbileko ur-masen kalitatea txartzea ahal den heinean gutxitzeko hartutako neurri zuzentzaile eta babesle guztiak aztertu (jalkinei eusteko hesiak, dekantazio-baltsak, gurpilak garbitzekoak?). Txostenak URA agentzian aurkeztu beharko dira hilero, Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoan. Aldi horretan egindako lanen berri jasoko da bertan: analisien emaitzak, kartografia, ezarritako neurri zuzentzaileak eta lanak zenbat aurreratu diren. Honako hauek erantsi beharko dira: argazkiak, analisiak, laginketa-puntuen UTMak, ondorioak eta lanen bilakaera.