Administrazio publikoek eta alderdi politikoek "zikin jokatzen" ari direla salatu berri du, prentsa ohar bidez,
Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimenak. "Azken hilabetetan, oraindik eta zikinago", aipatu duenez. Auzotarren hitzetan, uztailaren 20a "aukeratu zuen" araztegia eraikitzeko aurreproiektua argitaratzeko Espainiako Ingurumen Ministerioak, "gehienok oporretan egonda, horri erantzun ahal izateko gure ahalmena mugatuz". Leioako Udalari, berriz, "herritarrei horren berri ez ematea" egotzi diote; Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, alderdi politiko eta hedabide gehienei leporatzen dieten "isiltasun estrategia" berbera, alegia. Prentsa alde batera utzita, "orain arte ez dugu jakin horietako baten batek alegaziorik aurkeztuko duenik", aipatu dutenez. Irailaren 21ean amaituko da horretarako epea. Araztegiaren kontrakoek iradoki dutenez, galdapenak aurkezteko aukera mugatzea egon daiteke administrazio publiko eta alderdiak "isilik" geratzearen atzean. Hala ere, ohartarazi dutenez, aurkeztuko dituen alegazioak "nahiko landuak" ditu herri ekimenak. Dena den, astearte honetarako, irailak 15, batzar irekia deitu dute egoeraren berri eman eta alegazio berririk aurkeztu behar den aztertzeko. Hitzordua 20:00etan jarri dute, Lamiakoko kultur zentroan. Argazkian, Lamiakoko hezegune ingurua.