Urtzi Paul Larrearen kasuan ere, aipatutako 59667 ertzainak baino ez du identifikatu, kamioia oratzen berau oztopatzea helburu zuela esanez. Alabaina, 59665 zenbakia jarri dioten ertzainak 2002an bertan identifikatu zuen kamioiaren beheko aldetik eusten zuen gaztea, ezagutzen zuela, "Urtzi" zeukala izena eta mutil handia zela esanez. Handik denbora batera, ikerketa batzuk egin ostean abizenak ere bazekizkiela deklaratu zuen Urtzi Azkorrari ekimenean parte hartu izana leporatuz. Gaur ere, beste ertzain batzuek Urtzi Azkorraz mintzatu dira eta auziperatuta ez dagoen gazteak ere onartu du horretan aritu zela.
Baina, kasu bitxiena Marisa Arrue zinegotzi popularrak eta hainbat hedabidek azken urteotan famatu duten Zigor Goikoetxearekin gertatu da. 2002an Azkorrikoa aipatu ere egin ez zuten ertzainek gaur beraz gogoratu dira eta hainbatek istiluetan kokatu dute. Batzuk, garagardo kupelei helduta, beste batzuk kamioiaren beheko aldean, aurrean, atzean edota tartean eta egon da matxinada osoaren buruzagia izatea leporatu diona, zehazki zer egin zuen, berriz, gogoratu ez duena. Udaltzainek, auzokideak, San Nikolas ikastolako kideek, Urtzi Azkorrak eta defentsaren beste lekukoek, berriz, Zigor Goikoetxea istiluetatik gertuen zegoen Ibilaldiko sarreraren azpiegitura arduraduna zela adierazi dute, baita gazteak istilua ekiditeko lasaitasuna eskatu zuela ere. Lejarzegi ere Ibilaldirako egon zen lanean egun horretan, Kepa Saratxaga eta Urtzi Paul zirkuituaren barna aritu zirela.
Deklarazio guztiak amaituta, fiskalak berretsi ditu kargu guztiak eta bakoitzeko bi urteko espetxe zigor eskaera, baita isuna ere. Defentsaren abokatuek (mp3), berriz, absoluzioa eskatu dute, "frogarik ez dagoelako". Gainera, ertzain guztien lekukotasunen aurka egin dute, bionbo baten atzetik eta fikzio-zenbakiekin deklaratu dutelako, neurri horiek ezartzeko inolako motiborik agertu ez denean eta defentsarako babesgabetasuna sortu duelakoan. Bestalde, ukatu dute erresistentzia delitua ezar dakiekeenik, inork ez baitu zehaztu auziperatuei inolako agindurik eman zietenik, ezta era bortitzean jardun zuten ere. Lesioen kasuan ere horiek ez dira frogatu eta dagoeneko kalteak ordaindu zituzten aseguru-etxeek ez dute kalte eskaerarik egin. Atentatu delituari dagokionez ere, Saratxagari leporatutakoaz gain, beste auziperatuen aurka ez dagoela ezer gogoan izan dute. Azkenik, nabarmendu dute kasu erraza izanik, zazpi urte atzeratu izanak akusatuak kaltetu dituela.