Larrabasterrako Arrietara hondartzatik gertu, Itxasgane kale ondoko lursail partikularrean zegoen autobusa eraman zuten atzo, osteguna, Sopelako udal langileek. Motor gabeko ibilgailua El Pasillo surf elkarteak berriztatu zuen egoitza gisa erabiltzeko asmoz. Bi pisu dituen autobusa da, 14 tona ingurukoa eta 10 bat metroko luzerakoa. Alabaina, "Tokiko Ordenamendu Planak ezartzen duenari jarraiki, zonalde horretan ezin daiteke inolako eraikin edo azpiegiturarik kokatu. Urbanizagarria ez den ingurua eta itsasertzeko parkea da", tokiko iturriek aipatu dutenez. Hartara, zentzu horretan idatzitako udal dekretua aplikatu dute autobusa kentzeko. Josu Landaluce alkateordeak adierazitakoaren arabera, “Sopelan surfa indartzen ari gara eta ez da gure asmoa herrian dauden elkarte desberdinei oztopoak jartzea, baina instalazio horrek ezin zuen bertan egon”. Autobusa Barinatxe hondartzako aparkalekura eraman dute. Argazkian, udal langileak autobusa mugitzen /
© Sopelana.net.