Saltillo belaontzia pasadan uztailaren 9an itsasoratu zen Santurtzin eta beste bi geldialdi geratzen zaizkio bere bidai orrian: bata Santanderren (Kantabria, Espainia), eta bestea La Rochellen (Frantzia),
EHUko iturriek jakinarazi dutenez. Saltillo gaurtik irailaren 16ra geratuko da Santanderren, bertan itsasoa eta nautikari buruzko kultur festa ospatzen baita, "Festival del Mar" delakoa, alegia. Portuan dagoen bitartean, jarduera eskaintza zabala izango du, bost egunez. Jarraian, itsasontzi guztiak Sardinero badiaraino joan eta bertan agurtu egingo dira. Kantabriatik abiatzerakoan, Grand Pavois jaialdia ospatzen den portu frantseserako bidea hartuko du Saltillok, La Rochelleko porturako bidea, hain zuzen ere. Jaialdi horrek itsas industrian aspalditik ospe handia du. Pasadan edizioan esaterako, 35 herrialde ezberdinetako 700 itsasontzik baino gehiagok parte hartu zuten, guztiak 13 arlo ezberdinetakoak gainera. Frantziako kostaldean irailaren 23tik 29ra egongo da Saltillo. Ondoren, Euskal Herrira itzuliko da eta bertan botako ditu aingurak Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko beste ikasle tripulazio batek leku berrietara joateko belak erriatzen dituen arte. Argazkian, EHUko Nautika eta Itsas-makineria Goi Eskolako ikasleek praktikak egiteko erabiltzen duten "Saltillo" belaontzia.