Jabekuntza Eskolaren helburua da "emakumeen partaidetza soziala eta politikoa sustatzea, historian zehar baztertuta eduki dituzten politika publikoetan eragina eduki dezaten", udal iturriek zehaztu dutenez. Horretarako, "partaidetza politikoa eta soziala" sustatuko du berriro. Horretaz gain, iazko ikasturtean izan ziren lau heziketa ildoak mantenduko ditu eskolak. Gainera, osasunari buruzko ikastaro berria martxan jarriko du. “Gai honekin emakumeen bizitza-kalitatea hobetzea lortu nahi dugu, gure gorputzei buruzko informazioa, ezagutza eta hausnarketaren bitartez; ondoren gure osasunari dagozkion gaiak guk geuk erabaki ahal izateko”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak. "Sexualitatea lehen pertsonan", "Emakume nagusien sexualitatea" eta "Zoru pelbikoa laguntzea" dira gai horren barruan eskainiko dituzten ikastaroak.
Komunikazio ildoan, berrikuntza bezala, hedabideen azterketa egingo dute, euskaraz eta espainolez, Kazetarion Berdinsarea erakundeko kideen eskutik. Horretaz gain, berriro ere landuko dituzte, euskaraz, jende aurrean hitz egiteko teknikak.
Emakumeen arteko topaketak
Munduko emakumeekin elkartasuna eta trukeari buruzko atala, lehenengoz, emakume etorkin eta bertokoen arteko topagunea izango da (otsaila eta maiatzaren arteko hileko azken ostegunetan). Horretarako ez da izenik eman beharko. “Herrialde desberdinetako emakumeak bilduko dira immigrazioari buruzko genero ikuspegiak agertzeko eta protagonisten bidez migrazio prozesuak eta esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu”, adierazi zuen Berdintasun zinegotziak. Bestalde, Munduko emakumeek sortutako literatura eta komikiei buruzko tailerrak mantenduko dituzte eta emakumeei genitalak mozteari buruzko saioa eskainiko du Adriana Kaplan antropologoak. Gambiako emakumeekin egindako azterlanaren ondorioak azalduko ditu horrek.
Emakumeen nortasuna eta subjektibotasuna izeneko ildoan, honako hiru ikastaro berri eskainiko ditu: "Nire gorputzaren bila", "Genero identitate garaikideen eraikuntza" eta "Beti atzetik ditudan mamu femeninoak". "Emakumeok eta mamuak" ikastaroa ere berriro emango dute. Azkenik, feminismoari buruzko atalak, aurreko urteetan burututako autodefentsa tailerraz gain, beste bi ikastaro berri eskainiko ditu: "Irakurketa feminista literaturan", euskaraz, eta arte eta kritika feministari buruzkoa.