Javier Otxoa txirrindulari berangoztarrak urrezko domina bat eskuratu du gaur Italian, errepideko txirrindularitza egokitutako munduko txapelketan. Otxoa CP3 kategoriako erlojuaren kontrako proban nagusitu da gaur goizean Bogogno herriko zirkuituan, 19,4 kilometroak 27 minutu eta 13 segundotan betez. Otxoa txirrindulari profesional ezaguna izandakoa da, baina 2001eko otsailaren 15ean, auto gidari batek bera eta bere anaia zapaldu zituen Malagako errepide batean. Javierri garun-paralisia eragin zion, Ricardo anaia hil zen bitartean. Auto gidariak 1.800 euroko isuna besterik ez zuen ordaindu behar izan, epaiketaren ostean. Baina tragedian ito gabe, Javier Otxoak eutsi zion txirrindularitzari eta istriputik ahal den neurrian osatu zenetik hona hainbat sari irabazi ditu, Paralinpiar Jokoetan urrezko dominak tartean. Udaberriro Punta Galea txirrindularitza taldeak Javier Otxoa Klasika antolatzen du. San Inazio egunean, berriz, ospatzen den Getxoko Zirkuitua Ricardo Otxoa zenari dedikatzen diote.