Irailaren 16tik 30era Algortako Egunsentia haur eskola berrian matrikulatzeko epea zabalduko da,
Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Zentroa Foruak kaleko 14 zenbakian dago, San Inazio ikastetxearen ondoan, eta 0 eta 2 urte bitarteko umeentzat izango da. Haur eskola publikoak 2010eko urtarrilaren 11n irekiko ditu ateak. Matrikula udaletxeko, Getxoko eta Itzubaltzeta / Romoko herritarrentzako arreta bulegoetan egin daiteke. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau izango da: errenta aitorpena edo Ogasun sailak horren beharrik eza egiaztatzeko ematen duen agiria (edo familiaren diru-sarrerei buruzko beste agiri batzuk); familiaren erroldaren agiria edo amaren edo aitaren lantokiaren kokapenaren agiria; umeak, aitak, amak edo anai-arrebaren batek ezintasunaren bat badu horren egiaztagiria eta, horrela izanez gero, guraso bakarreko familiarena; amaren eta aitaren lan egoeraren agiria; familia liburuaren fotokopiak (familia ugariaren egiaztagiria); langabeziaren egoeraren dokumentua; eta Osakidetzaren txartelaren fotokopia. Argazkian, Egunsentia zentroa lanetan.