Auto pribatuaren erabilera mugatzea du helburu Getxoko Mugikortasun Asteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 12a, 18:00
“Zure hiriko klima hobetu ezazu” lelopean, irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da aurten Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Hainbat ekitaldi ludiko eta errebindikatiboen bitartez, garraio jasangarria lortzeko eta zabaltzeko beharraz kontzientziatzen saiatuko dira. “Lekualdatzeko gaur egun ditugun ohiturak, neurri handi batean, erregai fosilak behar dituzten ibilgailuen erabilerarekin loturik daude eta berotegi-efektuzko gasen isurpenarekin hedatuz doan klima aldaketa eragiten ari dira. Gainera, trafikoak, istripuek, auto-ilarek eta gune publiko zein gizarte kohesio ezak eraginiko airearen eta zarataren kutsadura jasaten duten hirietako eta udalerrietako 'klima' aldarazten dute", atzoko prentsaurrekoan Imanol Landa Getxoko alkateak ohartarazi zuenez. Auto pribatuaren erabilera mugatzeaz gain, garraio iraunkorragoak bultzatzera deitu zuen udal agintariak, "adibidez oinez ala bizikletaz mugitzea edo garraio publikoa, garraio partekatua eta erabiltzaile anitzeko autoa erabiltzea". Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Keltse Eiguren zinegotzia Getxoko Mugikortasun Astearen aurkezpenean.
Ildo horretan, alkateak aipatu zuen Getxoko Udala autoaren alternatiba izan daitezkeen garraiobideak bultzatzen ari dela, esate baterako, udalerrian bizikletak maileguan uzteko martxan dagoen zerbitzua edota bidegorrien sarea hobetzeko eta zabaltzeko egiten ari den egokitze lana. Bestalde, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak egitaraua eman zuen ezagutzera eta parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak, "denon artean Getxo jasangarriago eta aldi berean inguruneko gaiekin sentsibilizatuago lortzeko”.

Egitaraua

Aurreikusitako jardueren artean, herriko komertzioetan erostea sustatzeko asmoz, bi bizikleten zozketa; ingurumenari buruzko tailerrak; pelikulak; kale antzerkia; eta abar nabarmendu behar dira. Irailaren 22an, asteartea, Nazioarteko Autorik Gabeko Egunean, autoa ez erabiltzeko konpromisoa hartzeko sinadura bilketa egiteaz gain, igandean (hilak 20), trafikoa moztuko dute Areetako erdigunean hainbat jarduera egin ahal izateko. Horien artean, Areetatik Algortara bizikletez eta patinez joan-etorriak, puzgarriak, pottokak, bizikleten maileguak, pin-pon... izango dira. Bizikletan ibiltzen edo erregaia aurreztuz gidatzen ikasi nahi dutenek, berriz, izena eman dezakete 944 660 191 telefono zenbakian edo ingurugiroa[abildua]getxo.net helbidean. Eskolak doakoak izango dira.

Aurten, gainera, Iberdrolaren ingurumen autobusak bisitatuko du udalerria, energia berriztagarriak era ludikoan ezagutzera emateko eta energiaren erabilera arduratsua eta eraginkorra sustatzeko. Irailaren 16, 17 eta 18an Areetako Eskoletako plazan izango da; hilaren 19 eta 20an Xake plazan eta 21ean eta 22an Algortako Telletxe plazan. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da.

Egunez egun:

- Irailaren 16an, metro geltokietako sarbideetan eta komertzioetan txartelak opatuko dituzte, dendetan erosketak egiterakoan bi bizikleten zozketan parte hartzeko. Egun horretan, 19:00etan, Algortako kultur aretoan, Villamonten, bi pertsonek Hego Amerikan barrena tandem bidez egindako bidaiaren “Mundura hurbilduz” izeneko ikus-entzunezkoaren proiekzioa izango da (Ushuaiatik, munduko hiri australenetik Caracaseraino).

- Irailaren 17an, “Nire tokian jar zaitez” izeneko jarduera izango da nabarmenetakoa. Biztanleria traba arkitektonikoek pertsona minusbaliatuengan
eragiten dituzten mugikortasun arazoetara hurbiltzeko jarduera izango da. Areetako Andres Larrazabal kalean, 18:00etatik 21:00etara, partaideentzat eskuragarri jarriko dira hainbat gurpil-aulki, hiri zirkuitu batean erabili ahal izateko.

- Irailaren 18an, hilaren 22an Autorik Gabeko Eguna izango dela eta, kotzerik ez erabiltzeko konpromisoa sinatzea eskatuko zaie herritarrei. Gainera, Areetako Xake plazan, 18:30ean kale antzerkia izango da Detraka taldearen eskutik.

- Irailaren 19an, Areetako Xake plazan bertan, 18:00etatik 21:00etara, zirkulazio praktikak egingo dituzte zirkuitu txiki batean gazteenek, bizikletak, patinak eta patineteak erabiliaz.

- Irailaren 20an, 8:00etatik 20:00etara, Areetako erdigunean trafikoa moztuko da, zenbait ekintzak egiteko: bizikleta ibilaldia Getxon barrena 12:00etan Xake plazatik abiatuta, Algorta-Areeta patinez egiteko joan-etorria 12:30ean eta beste hainbat jarduera: patinen eskola, pin-pon, minibasket, bizikleten mailegua, xakea, puzgarriak, pottokak, txu-txu trena…

- Irailaren 21ean, kale antzerkia 18:30ean, Algortako Telletxe plazan, Detraka taldearekin.

- Irailaren 22an, Nazioarteko Autorik Gabeko Eguna ospatuko da, haurrentzako tailerrekin, Areetako Xake eta Algortako Telletxe plazetan, 18:00etatik aurrera. Gainera, “Cenizas del cielo” pelikula eta eztabaida izango dira Algortako kultur aretoan, 19:00etan. Zentral termiko baten alboan bizi den udalerri bati buruzkoa da filma.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun