Asteari hasiera emateko, irailaren 15ean, Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko aukera edukiko dute Olabide kalean dagoen Obretara udal pabiloira gerturatzen diren ziklomotor erabiltzaileek. 9:30ean hasiko dira. Asteazkenean, Sergio Fernandez bidairi eta txirrindulariak Bartzelonan bizikleta egunero erabiltzea nolakoa den eta zer onura ekarri dizkion azalduko du. Gainera, munduan zehar bizikletan egindako hainbat bidaien berri emango du, bereziki zazpi basamortuetatik egindakoak. Hitzordua, 19:30ean izango da, udaletxean. Bestalde, Uribe Kostako Mankomunitateko Mugikortasun Plana ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, hilaren 17an, osteguna, 19:00etan, udaletxean. Foro baten bitartez, besteak beste, honako gai hauek eztabaidatuko dira: bide segurtasuna, garraio publiko ezberdinen erabilera eskualdean edo kaleen eta plazen izaera sozialaren berreskuratzea.
Asteburuari hasiera emateko, larunbatean, haur jokoak izango dira Udaletxeko plazan, goizeko 11etatik aurrera. Bertan, mugikortasun iraunkorra eta bizikletaren erabilera sustatzen dituzten ekintzak izango dira. Igandean, bizikleta zaleen txanda izango da. Izan ere, euren bizikleten oinarrizko mantua egiteko tailerra edukiko dute Udaletxeko plazan, 12:00etan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.