Mankomunitatea osatzen duten hainbat herrietako elkarte eta pertsonen laguntzaz osatu dute Uribe Kostako Mugikortasun Plana. Hain zuzen ere, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astean aurkeztuko dizkiete herritarrei lan horren emaitzak eta proposamenak, udalerri ezberdinetan egingo diren foroen bitartez. Mugikortasun Plana aurkeztu ostean, euren ekarpenak egiteko aukera edukiko dute parte-hartzaileek eta horrela Mugikortasun Planari azken ukituak eman. Besteak beste, ondoko gaiei buruz ariko dira: zure herritik oinez eta bizikletan modu erosoan eta seguruan ibiltzea, bus eta metroko konexioak hobetzea Bilbo eta beste herriekin, auzo eta kaleen izaera publikoa berreskuratzea, errepide eta bideen segurtasuna hobetzea... Foroak ondoko egun eta tokietan izango dira.
- Barrika: irailaren 15ean, asteartea, 19:00etan, udaletxean.
- Berango: irailaren 16an, asteazkena, 19:00etan, Berangoetako kultur etxean.
- Sopela: irailaren 17an, osteguna, 19:00etan, udaletxean.
- Plentzia: irailaren 21ean, astelehena, 19:00etan, Goñi Portal kultur aretoan.
- Urduliz: irailaren 22an, asteartea, 19:00etan, kultur etxean.
- Gorliz: irailaren 23an, asteazkena, 19:00etan, udaletxean.
- Lemoiz: irailaren 24ean, osteguna, 19:00etan, udaletxean.
Era ekonomikoan gidatu
Irailaren 25ean (16:00etatik 20:00etara) eta 26an (10:00etatik 14:00etara) EAEko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sustatutako "era ekonomikoan gidatzeko" ikastaroa emango dute, Uribe Kostako Mankomunitatearen ekimenez, aipatu erakundeak Larrabasterrako Gatzarriñe kalean daukan bulegoan. Modu merkean edo ekonomikoan gidatzen ikastea helburu duten ikastaro hauek izaera teoriko-praktikoa dute eta iraupena lau ordukoa da. Haiei esker, erregaiaren kontsumoa eta CO2aren isurketak %15 inguru gutxitzea lortuko da. Ikastaroa, funtsean, ibilbide bat egitean datza eta ikasleak gidatzeko modua, abiadura eta energia-kontsumoa aztertzean. Horren ostean, eraginkortasunez gidatzeko azalpen teorikoak ematen dira; gero, berriro lehengo ibilbide bera egiten da, jasotako azalpen teorikoak praktikan jarriz. Azkenik, ibilbide bietan kontsumitzen den energia eta batez besteko abiadura alderatzen dira. Tokiak mugatuak dira. Beraz, aurretik eman beharko da izena, telefonoz (946 762 674) edo e-postaz (agenda21[abildua]uribekosta.org).
Bizikletan zaintzen ikasi
Bizikletan ibiltzen ikasi nahi dutenek irailaren 16tik 22ra arte edukiko dute horretarako aukera, Sopelako Zipiriñe ikastetxean, 16:00etatik 18:00etara. Tokiak mugatuak dira. Beraz, aurretik eman beharko da izena, telefonoz (946 762 674) edo e-postaz (agenda21[abildua]uribekosta.org). Beharrezkoa izango da 18 urtetik gora izatea. Bestalde, ondoko egun eta tokietan emango dituzte bizikleta zaintzen ikasteko tailerra:
- Plentzia: irailaren 16an, asteazkena, 19:00etatik 20:30era, Udaletxeko plazan.
- Barrika: irailaren 17an, osteguna, 19:00etatik 20:30era, Udaletxeko plazan.
- Gorliz: irailaren 18an, ostirala, 19:00etatik 20:30era, Udaletxeko plazan.
- Berango: irailaren 19an, larunbata, 19:00etatik 20:30era, Santo Domingo eskolan.
- Sopela: irailaren 20an, igandea, 12:00etatik 13:30era, Udaletxeko plazan.
- Urduliz: irailaren 21ean, astelehena, 19:00etatik 20:30era, Udaletxeko plazan.
- Lemoiz: irailaren 22an, asteartea, 19:00etatik 20:30era, Udaletxeko plazan.