Arestian esan bezala, burutu beharreko distantzia 5.000 metrokoa da eta hondar gogorrean korrituko da. Lasterketak sei kategoria ditu: gizonezkoak, emakumezkoak, beteranoak (40 urtetik gorakoak), umeak (14 urtetik beherakoak), eta elkarteko naturistak, gizonezko eta emakumezkoen kategorietan banatuta. Umeak nagusiekin batera aterako dira, baina ibilbide laburragoa beteko dute. Lasterketa bukatzen duten parte-hartzaile guztiek oparia jasoko dute. Bestalde, kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuentzat garaikurra egongo da.
Parte hartzaileek biluzik egin beharko dute lasterketa, hala ere, nahi izanez gero, txapela, eguzkitarako betaurrekoak, galtzerdiak eta oinetakoak jantzi ahal izango dituzte. Arau hori betetzen ez duten parte hartzaileek berehala deskalifikatuko dituzte eta antolatzaileek lasterketatik kanpora eramango dituzte.