Salsidu-Zubilletako auzo elkarteak deituta, mobilizazioak egingo dituzte uholdeek kaltetutako bizilagunek, "Gobela errekan lanak hasi arte".
Atzo eguerdian bildutako 300 auzotar inguruk erabakita, igandero 12:00etan batuko dira Algortako Getxo I institutuaren ondoko parking-ean "uriolen arazoari behin betiko irtenbidea eman, eta
lanak gehiago atzeratu ez daitezen" eskatzeko, auzo elkarteko kideek adierazi dutenez. Horretaz gain, sinadura-bilketa bati ekingo diote larunbatean, Algortan
Erdi Aroko azoka ospatzen dela. Erreka inguruko bizilagunez gain, getxoztar guztiak gonbidatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera, euren hitzetan, "Gobela inguruko arazoa guztiona baita, ez soilik uholdeak pairatu dituztenena". Era berean, azkenengo hilabetetan, "Gobelakoak bezain premiazkoak ez diren hainbat lan" egiten hasi direla salatu dute auzotarrek. "Beldur handia dugu aurtengo udazkena eta negua noiz helduko. Izan ere, errekaren egungo egoera okerragoa da: zikinkeriaz gain, lokatz asko dago errekaren hondoan eta, ondorioz, ibilguak ur-edukiera txikiagoa du", bertoko bizilagunek salatu dutenez. Argazkian, 2008ko ekainaren 1ean lehenengo uholdeak gertatu eta berehala azalpenak eskatu zizkioten auzotarrek Imanol Landa alkateari.