Gobela erreka inguruko
auzotarrek egindako kritikekin bat egiteaz gain, azken hilabetetan "utzikeriaz" jokatzea egotzi dio Imanol Landa alkate jelkideari Getxoko PPk. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen arabera, "uholdeetatik 15 hilabete igaro direnean, sasi batzuk baino ez dituzte kendu". Eusko Jaurlaritzaren
URA agentziak aurreikusitako lanez aparte,
Getxoko Udalak agindutakoei buruz, "hoditeria aldatu beharrean, garbitu baino ez" dutela egin kritikatu du PPk. Arrueren ustez, "kapazitate gehiago duten beste batzuengatik aldatu behar dira horiek". "Errekan mantenu eta garbiketa lanik ere ez dute egin, behar baino euri gehiago egiten duenean trabatu ez dadin", gaineratu du popularren bozeramaileak. Halaber, berriro ere eskatu diote udal erakundeari uholde arriskuan dauden auzotarrak etxez aldatzea. Getxoko PPren arabera, "neurri horiek guztiak Udalaren ardurapekoak baino ez dira. Hortaz, aitzakia hutsa baino ez da horiek ere Eusko Jaurlaritzak egin behar dituela esatea". Argazkian, hauteskunde garaian sartuta, urtarrilaren 28an, Antonio Basagoiti Alderdi Popularraren lehendakarigaia izan zuen lagun Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, Algortako Salsidu aldera egindako bisitan, aurreko egunean izandako uholdeen kalteak ikusteko.