E Plana delakoaren gaineko herri lanak direla eta, Getxo udalerrian barrena jarritako hainbat panel kartelez josita agertu dira egun hauetan. "Batzuk estututa bizi garen bitartean", diru publikotik, panel bakoitzeko 1.500 euro gastatzea leporatu dio, horrela, Espainiko Gobernuari Getxoko ezker abertzaleak. Horretaz gain, ondoko lemak ere irakur daitezke karteletan: "Panel honetan 1.500 euro xahutu dituzte", "Gu kaleratzen gaituzten bitartean, Estatu espainolak dirutza bat gastatzen du panel hauetan" edota "Panel honetan zure soldata baino diru gehiago gastatu dute", besteak beste. Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak onartutako tokiko erakundeei laguntzeko funtsetik, 28 proiekturako diru laguntza eskuratu du
Getxoko Udalak; 14.141.307 euro guztira. Horretaz gain, Udalaren zein beste erakunde batzuen laguntza dituzten proiektuak gauzatzen ari da tokiko erakundea.
Guztira, 38 tokitan dabiltza herri lanetan. E Planaren proiektu bakoitzeko panel bat jarrita, 42.000 euro lirateke horretan bakarrik gastatutako dirua. Argazkian, Algortako Tangora etxe ondoko panela.
Irudi gehiago ikusteko sakatu hemen.