Herrizaingo Sailaren arabera, gaur arratsaldetik aurrera Europatik datorren goi-geruzetako depresio isolatua delako fenomenoa hurbilduko da gure lurraldera (behinola 'tanta hotza' deiturikoa, izendapen hau meteorologoen artean orain erabiltzen ez den arren). Adituen esanetan, litekeena da aire masa hotz hori Penintsulako ipar-ekialdera mugitzea eta Eusko Autonomi Erkidego gainetik asteazkenean igarotzea. Dena dela, ostegun eguerditik aurrera, bueltako bidea egin dezake, berriz zaparradak eta ekaitzak gurera ekarrita.
Hori horrela, bi muturreko egoera egongo dira: bata astearte arratsaldetik asteazken eguerdira doan tartean eta bestea ostegun eguerditik aurrera. Asteartetik asteazkenera doazen orduetan zaparrada bortitz eta ugariak espero dira Kantaurialdean, baina batez ere mendebaldean (Bizkaian). Ostegun eguerditik aurrera beste enbata bat aurreikusi dute meteorologoek, depresioa gure lurraldera itzuliko baita. Orduan zaparrada mardulak espero dira, bereziki barnealdean.
Metro koadroko 20-40 litro artean
Tankera honetako depresioen mugimenduak iragartzeko zailak dira, baina hori gorabehera, euripean igaroko ditugu datozen lau egunak. Herrizaingo Sailaren datuen arabera, asteartetik asteazkenera doan tartean metro koadroko 20-40 litro artean espero dira Bizkaiko kostaldean eta 10-30 artean ostegun arratsaldean eta barnealdean batez ere.
Aurrez, goizean, abisu horia ezarri du Euskalmeten. Ordu betean 15 litro baino gehiago pilatzeari dagokio abisua. Gaurko, astearteko, 18:00etatik biharko, asteazkeneko, 18:00etara arte egongo da indarrean. Euri gehien Kantaurialdean egingo du, bereziki mendebaldean (Bizkaian). Horrez gain, beste abisu bat eman dute, 24 ordutan metro koadroko 60 litro pilatu daitezkeelako, baina probabilitate hori txikiagoa da.