Bitartean, hainbeste itxaron gabe, euskaltzaleen esku beste hiru jarduera jarri dituzte. Alde batetik, larunbat honetan, hilak 19, Ungari mendi taldearekin batera irteera egingo dute Ernio mendira. Horretarako, goizeko 8:30ean lotu dira Algortako Telletxe kaleko Baserri tabernan, handik autoetan joateko. Dena den, parte hartu baino lehen, Ungariko Aritzari 679 893 384 telefono zenbakira deitu behar izango diote mendizaleek, autoak koordinatzeko eta dena ondo lotzeko.
Aste bat beranduago, berriz, Buztingintza museora joango dira. Izan ere, hilaren 26an, goizeko 9:00etan lotuko dira Algortako metroko plazako parking-ean. Elosura autoz joan eta museoan bisita gidatua egin ostean, Landatik paseotxo bat ematera abiatuko dira. Kasu honetan, behar diren autoak koordinatzeko Egizuren telefonora deitu beharra dago: 619 935 541 .
Yoga ikastaroa
Bestalde, azken sei urteotan egin bezala, Yoga ikastaroa euskaraz jarri dute martxan Algortan. Hasier Rekondo irakasleak gidatzen duen taldearen saioak urriaren 5ean hasiko dira eta astelehen eta eguaztenetan, 19:30etik 21:00etara, burutuko dira. Lehenengo saioak Aldai Patronatuan egingo dituzte, baina urriaren 19tik aurrera eta ekainaren amaiera arte, San Nikolas Ikastolan egingo dute ariketa. Leku batean zein bestean, "hasiberri zein esperientzia dutenentzat dago lekua", Rozio Luces dinamizatzaileak argitu duenez. Ikastaroan matrikulatzeko 30 euro ordaindu behar da, berbalagunak, Bizarra Lepoaneko bazkideak eta San Nikolaseko kideak izan ezik. Horiek bost euro gutxiago jarri beharko dituzte.