Uztaritzeko saioan lehenengo sailkatuz gero, Bergarako finalaurrekora helduko da zuzenean Xabi Paya; azaroaren 7an, larunbata, 17:30ean, Bergarako udal pilotalekuan. Finalaurrekoen lehenengo fase horretan, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio lehian sartu berriekin neurtu beharko lituzte indarrak. Saio hori irabazita, berriz, algortarrak Donostiako Antonio Elortza Belodromoa izango luke hurrengo norgehiagoka, finalaurrekoen bigarren faseko azkena, azaroaren 29an. Payatarren artean nagusia, Fredi, Laudioko final laurdenean nagusitu beharko da, azaroaren 8an Gasteizko Europa pabiloian izango den finalaurrekoan zuzenean sartu ahal izateko. Unai Iturriaga izango luke lehiakideetako bat. Durangarraren baimenarekin, aipatu kanporaketan lehenengo sailkatuz gero, azaroaren 21ean, Gernikako Jai-Alai pilotalekuko agertokira igoko litzateke Fredi, finalaurrekoen bigarren fasea jokatuz. Azkenik, Joni Uria Hendaian abestu ahal izango du, azaroaren 15ean, Zestoako final laurdenean lehenengoa izanez gero. Bertan hasiko dira txapelketa jokatzen Amets Arzallus eta Jon Maia. Saio hori irabazten duenak Iruñeko Anaitasuna pabiloiko finalaurrekorako (azaroak 22, igandea) zuzeneko txartela eskuratuko du.
Puntuen arabera
Puntuen arabera sailkatzea izango da Bertsolari Txapelketa Nagusian aurrera egiteko beste aukera. Final laurdenak jokatuko dituzten 36 bertsolarietatik 17 heldu ahal izango dira finalerdien lehenengo fasera, saioa irabazita edo puntuen arabera sailkatuta. Horiei beste zazpi batuko zaizkie: Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Jon Maia; orain lau urte finalista izandakoak, alegia. Finalaurrekoen bigarren fasera igarotzeko, berriz, dagokien saioa irabazi edo, puntuen arabera, lehenengo hamalauen artean egon beharko dira. Azken saio horietatik zazpi (puntuen arabera sailkatuta) baino ez dira igaroko BECeko final handira, indarrak egungo txapeldun Andoñi Egañarekin neurtzeko.
Sarrerak aurrez salgai
Bertsozale Elkarteak, bestetik, saioetarako sarrerak aurrez erosi eta norbere etxean inprimatzeko sistema ezarri du. Era horretan, txarteldegiko ilara luzean zain egon barik sartu daiteke bertsozalea saiora. Sarreren salmentarako www.bertsosarrerak.eu webgunea sortu da eta saioa izango den aste hasieran aktibatuko da sarreren salmenta saioz saio. Finala aparte, gainontzeko saio guztietarako bonoa ere salgai izango da.
Finalerako sarrera, zein autobus eta bazkaritarako txartelak, bestetik, Interneten eta ohiko salmenta guneetan erosi ahal izango dira. Interneten aukera gaurtik dago, baina salmenta puntuetan datorren astetik aurrera izango dira salgai.