Ikasle berrien matrikulazioa "nabarmen" igo da aurten EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 16a, 21:08
Matrikulatzeko bigarren epea amaitu ostean, Euskal Herriko Unibertsitateko lehenengo zikloan izena eman duten ikasleen kopurua "nabarmen" egin du gora, aurreko urteetako datuekin alderatuta. EHUko iturriek aipatu dutenez, "aurten matrikulak %8,9 igo dira eta datu hau benetan bikaina da, batik bat aurreko urteetako egoerarekin alderatzen badugu". Urte horietan matrikulak mantendu baziren ere, nolabaiteko beheranzko joera eman zen. Aurreko ikasturtean, irailaren erdialdean, EHUn 7.992 pertsona bazeuden matrikulatuta lehenengo mailatan, aurten 8.707 dira. Horrek bederatzi puntu inguruko gorakada suposatzen du. Bigarren zikloan sartu diren ikasle berriei dagokienez, "zifrak oso onak dira", EHUko arduradunen arabera. Matrikulazioak 704 izatetik 824 izatera pasa dira eta, beraz, %17ko igoera eman da. Argazkian, Erandio eta Leioako campuseko hainbat fakultate.
Igoera hiru campusetan eman da. Bizkaian esaterako, 2008ko irailean 4.509 pertsona zeuden matrikulatuta eta aurtengo ikasturtean aldiz, 4.677. Beraz, %3,7ko igoera izan du. Beste bi campusetan igoera are handiagoa da. Araban 1.497 matrikula izatetik 1.677 izatera pasatu dira, %12ko igoera suposatzen duena. Igoerarik nabarmenena Gipuzkoan eman da. Izan ere, aurreko urtean, 1.986 pertsona matrikulatu baziren, aurten 2.353 izan dira. Beraz, %18ko igoera eduki du campus horrek. Bizkaiko igoera garrantzitsua bada ere, beste campusetakoa baino txikiagoa da nabarmen, EHUko iturriek aitortu dutenez. Hala ere, euren hitzetan, "komeni da gogoratzea lurralde honetan eskaintzen diren titulazio askok plaza mugatuak dituztela. Hori dela eta, igoera-marjina askoz ere mugatuagoa da Bizkaian".

Matrikulazioen igoera ia ikastegi guztietan eman da. Batzuk aipatzearren, Bizkaian honako hauek azpimarratu daitezke: Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa (467tik 484era); Zientzia eta Teknologia Fakultatea (387tik 397ra); Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea (536etik 582ra) edo Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko Atala (111tik 145era) Jaitsiera xumeak soilik Arte Ederretan eta Industria Ingeniaritza Teknikoan mantendu dira .

Arabako Campusari dagokionean, fakultate hauek igo dira: Letren Fakultatea (335etik 429ra), Farmazia (318tik 336era), Irakasleen Eskola (322tik 334era) edo Ingeniaritza (205etik 239ra)

Gipuzkoako Campusean Informatika eta Arkitekturako zifrak egonkor mantendu dira eta, aldiz, gorakada handia jasan dute fakultate hauek: Kimika (40tik 54era), Zuzenbidea (99tik 124era), Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (196etik 357ra), Eskola Politeknikoa (347tik 407ra) edo Enpresa Ikasketen U.E. (212tik 241era)

Beste alde batetik, "aipagarritzat" jo du EHUk, plaza mugatuak dituzten titulazio askok euren gutxieneko nota igo egin dutela. Medikuntzako gutxieneko nota 8,274koa izan da; Odontologiakoa 7,803koa; itzulpengintza eta Interpretaziokoa 7,155; Bizkaiko Erizaintzakoa 7,316; Gipuzkoako Erizaintzakoa 7,069; Irakasleen Eskoletako titulazioetako gutxieneko notak 6,5 eta 6,9 artean daude eta Industria Ingeniaritzakoa 6,193 da. Nota hauek igo izana "oso esanguratsua" da, unibertsitateko arduradunen hitzetan, "batetik, titulazio askotan sartzeko baldintzak gero eta zorrotzagoak direla erakusten duelako eta, bestetik, EHUk promozio bakoitzeko ikasle onenak hartzen dituelako".

Bigarren zikloa

Bigarren zikloan sartu diren ikasle berriei dagokienez, "zifrak oso onak" dira, EHUko agintarien arabre. Matrikulazioak 704 izatetik 824 izatera pasa dira eta, beraz, %17ko igoera eman da. Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan, igoera hau "aparta" izan da: “Seguru geunden matrikulazioa igo egingo zela, martxoko aurretiko izenematearen datuek horrela adierazten zuten-eta. Hala ere, ez genuen uste horrenbesteraino izango zela”, azaldu duenez. Dena den, EHUko errektoreak datu horien esanahia "zehaztu" nahi izan du: “Gure proiektu akademikoan kantitatea, bere horretan, ez da balore bat. Askoz ere gehiago interesatzen zaigu kalitatea. Kalitatea gure ikasgeletara datozen ikasleengan, kalitatea irakaskuntzan eta kalitatea burutzen ditugun ikerketetan", aipatu duenez. Goirizelaiak dioenez, "ez ditugu matrikulen igoera handiak bilatzen, ezpada irakaskuntzan eta ikerketan kalitate-adierazleen igoera". Hala ere, pozik agertu da igoerarekin: "filosofia orokor hori alde batera utziaz, argi dago matrikulen igoerak asko pozten gaituela. Koiuntura-arrazoiek ere eragina izan dute seguruenik fenomeno honetan baina ziur nago EHUn matrikula gehitze honek honakoa adierazten duela: euskal gizarteak gure erakundean konfiantza baduela eta erakunde honek, euskal unibertsitate publikoa izaki, gure herriaren beharrei eman diezaieken erantzuna aski egokia dela. Esan beharra dago ere, EHUko matrikula datuek, merkatu-kuotaren aldetik, beti goraka egin dutela eta, aurten gogoz nabaritu den bezala, termino absolutuetan ere gehikuntza jasan ohi dutela”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun