Ostiral eguerdian inauguratuko dute
Getxoko Erdi Aroko Azokaren zortzigarren edizioa. Igandera bitartean, saltokiz, tailerrez eta hainbat jarduerez beteko dira Algorta erdialdeko kale eta plazak. Bertan, bisitariek hainbat produktu erosteko aukera izango dute, herri gastronomia ahaztu barik, kultur iturriek zehaztu dutenez. Gainera, artisauak lekuan bertan lanean ariko dira zuzen-zuzenean. Ohi bezala, ikuskizunak, zuzeneko antzezkizunak eta jarduerak egongo dira goizetik ilundu arte. Honako hau izango da azokaren ordutegia: goizez, 11:00etatik 14:00etara eta, arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Larunbatean, 23:00etan itxiko da. Azokaren inguruan Erdi Aroko garaietako pertsonaia ugari ibiliko dira, antzerki aktoreek antzeztuta: bufoiak, malabaristak, koblakariak, musikariak, magoak, kontalari itsua, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak eta suge-hezitzailea, besteak beste. Antzezpenak egingo dituzte, orduko azoketan zeuden giroa eta gertaerak erakutsiz. Argazkian, antzezleak iazko Erdi Aroko Azokan.