"Guztiak orain arte bezala jarraitzen badu", PSE-EE eta PPren arteko hitzarmena 2011ko udal hauteskundeetara arte luza dezaketela adierazi du gaur, Herri Irratian eskainitako elkarrizketan, Eusko Legebiltzarrean sozialisten bozeramaile Jose Antonio Pastorrek. Getxoko Udala eta Arabako Foru Aldundia EAJri kentzea izango litzateke akordioa luzatzearen helburuetako bat, Pastorren arabera. Hala ere, PSE-EEren ordezkariak aitortu du bere alderdiak urrian egingo duen batzarrari begira prestatzen ari diren txostenean biltzen den asmoa dela hori, eta beraz, oraindik baieztatu gabekoa. Txosten hori ez dela behin betikoa adierazi du Eusko Legebiltzarreko kideak, eta aldaketak izan ditzakeela. Bitartean, Belen Greaves EBBko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea burukideak euren burua zoriondu dute PSE-EEk 2011ko hauteskundeei begira PPrekin duen akordioa udaletara eta aldundietara zabaldu nahi duela "argitu" duelako. Horren aurrean, hauteskundeetan bi aukera baino ez direla egongo gaineratu dute; batetik, jeltzaleak, eta bestetik, PSE-PP. Alderdi Eguna aurkezteko ekitaldian, mintzatu da Pastorrek egin dituen adierazpenen inguruan Greaves. Argazkian, Getxoko PP eta PSE-EEko zinegotziak batera bozkatzen udal batzar batean.