Atzo iragarri bezala, Iñaki Urrizalki Uraren Euskal Agentziaren zuzendari berriarekin bildu da gaur goizean, Bilbon, Imanol Landa Getxoko alkatea, Gobela ibai inguruan uholdeak ekiditeko premiazko lanen tramitazioa zertan den aztertzeko asmoz. Batetik, obren atzerapenak auzotarrengan eragiten ari den ezinegona eta kezka helarazi dio Urrizalkiri Landak, udal iturriek adierazi dutenez. Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko Ura agentziaren buruak, berriz, Gobelarako proiekturako "ohiko prozesua" jarraitzen ari direla adierazi dio alkateari. Urrizalkiren hitzetan, tramitazioa "ahalik eta azkarren" egiten ari dira, "ezarritako prozedura administratiboa jarraituz". Udal iturriek gaineratu dutenez, "lanen lizitazio prozesua martxan dago jada eta irailaren 30ean argitaratuko dute Bizkaiko Aldizkari Ofizialean". Bitartean, hilaren bukaeran egingo den Uholdeetako Batzorde Bereziaren hurrengo bileran parte hartzeko interesa duela adierazi du Ura agentziaren zuzendariak. Horretan, auzokide elkarteek parte hartzen dute, Getxoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkari guztiekin batera. Argazkian, Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua da orain Ura agentziaren arduradun nagusia /
© PSE-EE.