Larunbat honetan, irailak 19, 400 lagun inguruk parte hartuko dute aurten gurean egingo den Getxo eta Angeluren (Lapurdi) arteko senidetze jardunaldian. Horietatik 300 kirolariak izango dira, udal iturriek zehatu dutenez. Ekimenak bere laugarren edizioa beteko du (bi egin dira toki bakoitzean) eta 2003an bi udalerriek sinatutako adiskidantza akordioaren testuinguruan kokatzen da. Bereziki, kirolaren bidez sustatu nahi dituzte mugaren alde bateko zein besteko herritarren arteko harremana eta elkar ezagutza; arduradun getxoztarren arabera, "ezaugarrien eta bokazio turistikoaren aldetik oso antzekoak" baitira biak. Gauzak horrela, igeriketa lehiaketa, pilota eta rugby partidak, surf erakustaldia eta estropadak izango dira. Jai egunari amaiera bikaina emateko, berriz, dantza erakustaldia, erromeria eta agur afaria antolatu dituzte. Argazkian, umeen arteko eskupilota partida, orain bi urte.