Egoera hobera doala dio Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 18a, 21:35

Gaur abiatu den Uholdeen aurkako Larrialdi Plana kudeatzen duen Krisi Mahaia arratsaldeko lehen orduetan bildu da Bilboko SOS Deiakeko egoitzan. Egun osorako mantenduko da euri zaparrada indartsuen aurkako alerta, batez ere kosta parteari begira, inguruotan iragarpenen arabera metro koadroko 100 litro ur baino gehiago biltzeko arriskua dagoela eta. Jadanik gertatu den legez, euri jasa hauek ur pilaketak, errepideak ixtea, lokaletan uholdeak eta argindar eta telefono zerbitzuen mozketak eragin ditzakete, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak ohartarazi duenez. Ez da, hala ere, kalte pertsonalik izan. Ibaien eta urtegien mailak alerta mailaren azpitik jarraitzen dute. Arratsaldearen erdialdean izan den itsasgorak ez du ubideek gainezka egitea eragin. Bihar, ostera, egoerak hobera egingo duela diote Euskalmeten iragarpenek. Argazkian, alerta egoeran daude oraindik larrialdi zerbitzuak.

Euskalmeten astebururako eguraldiaren iragarpena:

Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenaren arabera, bihar, ezegonkortasuna gutxitzen joango da poliki-poliki, baina hala ere bustitik joango da eguna, bereziki Gipuzkoan, Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian. Bertan euria erruz egin dezake oraindik eta etengabe gainera. Trumoi ekaitzak jo dezakeenik baztertu gabe.

Hegoaldean, aldiz, euri gutxiago egingo du eta goizean botako du batez ere, arratsaldean atertzera egingo baitu. Ipar-mendebaldeko haizeak joko du eta tenperatura gradu pare bat igoko da.

Igandean zaparrada batzuekin hasiko da eguna, baina arratsaldean giroak hobera egingo du. Goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, Bizkaia eta Gipuzkoan bereziki. Arratsaldean atertzen joango da. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura maximoak igo egingo dira 20-23 graduren bueltan kokatuko baitira.

Itsasoa

Itsasoan, bihar mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 4ko indarrarekin eta 5eko tarteekin, eta lehen eta azken orduetan hego-mendebaldekoa nagusituko da. Itsaskia eragingo du, itsaski handiko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 21-22 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da. Itsasgorak 3:23an eta 15:42an izango dira, eta itsasbeherak, 9:21ean eta 21:49an.

Igandean ere mendebal-osagaiko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin, eta 5eko tarteekin. Itsaskirria edo itsaskia eragingo du, itsaski handiko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro bateko inguruko olatuak altxatuko ditu.

Uraren tenperatura 21-22 gradukoa da eta ikus-eremua lau eta hamar kilometro bitartean egongo da. Itsasgorak 4:01ean eta 16:21ean izango dira, eta itsasbeherak, 10:01ean eta 22:27an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun