XX. gizaldiko Irlandan, Frankismoan bezala, komunitate osoak izaten ziren eskubide ukazioaren jomuga. Horrek eragingarri bihurtu zuen "akzio-errepresio-akzio" zurrunbiloa. Geroz eta herri sektore gehiago bultzatzen baitzituen euren lekua hartzera.
Egun, ostera, "errepresio kirurgikoa" aplikatzen dela sinetsarazi digute. Eta gure atomizaziorako joera genetikoak, oportunismo politikoaren laguntzaz, gure eskubideen ukazioa, gainerakoen eskubideen ukaziorako gure prestutasunean oinarritzen dela eman dio ulertzera gizarte sektore zabal bati. Sarritan etsai moduan hartu duguna, elkartasun dinamiken garapena errotik moztuz.
Dena dela, eta irtenbidea etorkizunari iraganari baino garrantzi handiagoa ematetik etorriko dela onartuta, ez genuke ahaztu behar eskubideen ukazioa olioa bezala zabaltzen ari dela. Plano zibil eta politikoan, ekonomikoan bezala. Eta gure ardura da, lehenengo euri tanta erortzen zaionaren gisan, aterkiak zabaltzeko premia dagoela esatea.
Domekan hitzordu bat daukagu Urdiain eta Altsasuko zuhaizti ederretan. Bat egiteko garaia da, bestela, arbasoen moduan, duintasun osoz eta eraginkortasun barik borrokatuko gara beste mila urtez. Horrek zertarako balio duen jakin gabe, baina.
Fredi Paya bertsolari algortarrak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.