Algortar bat izendatu dute Gazte Abertzaleen nazioarteko idazkari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 19a, 15:43

Juan Karlos Perez blogari algortarra eta Getxoko EAren komunikazioburua Gazte Abertzaleen nazioarteko idazkari bilakatu da pasa den asteburutik aurrera, GAn zuen sozioekonomiari buruzko ardura utziz. Izan ere, Eusko Alkartasunaren gazteriek XI. kongresua burutu zuten hilaren 12 eta 13an Gasteizko alkartetxean, "Hamaika ikusitakoak, 20 urtez independentziarantz" lelopean. Bertan, datozen bi urtetarako ildoak finkatu eta zuzendaritza berria aukeratu zuten, erakundearen idazkari nagusia lehenengo aldiz emakume bat izango dela, aurretik euskara eta kulturaz arduratzen zen Maider Carrere donostiarra, alegia. Zuzendaritzan errepikatzen diren beste kide batzuk Josu Cristobal, Imanol Marañon eta Asier Gomez dira. Taldea Haritz Perez pasaiatarrak osatzen du. Kongresua Pello Urizar EAko idazkari nagusiak itxi zuen, gazteei "GA abertzaleak hezteko lantegia" dela eta "Eusko Alkartasunaren oinarririk garrantzitsuena" izango dela adieraziz. Argazkian, GAren zuzendaritza berria, Perez ezkerrean dela / © Juan Karlos Perez.

Gazte Abertzaleen oharra:

Asteburu honetan, Gazte Abertzaleek bere XI. Kongresua ospatu du, “Hamaika ikusitakoak, 20 urtez independentziarantz” lelopean, Gasteizeko alkartetxean eta hasiera eman die bere 20. urteurreneko ekitaldiei, azken urteetan eginiko lan gogorra gogoratuz.

Gazte erakundeak ia aho batez onartu ditu Nazio Batzorde ohiak aurkeztutako ponentziak, delegatuen ekarpenekin aberastu dituelarik, eta nazio Batzorde berria aukeratu du, Maider Carrere izango delarik idazkari nagusi berria.

Ponentzia politikoan, Euskal Herriko egoeraren azterketa sakon bat egin ondoren GAk bere printzipioak berretsi ditu, krisi garaian gazteriaren arazo sozialei are garrantzia gehiago emanik. GAk argi dauka Euskal Herriak Europan merezi duen lekua lortzeko euskal errepublika eraikitzea beharrezkoa dela eta helburu horren atzetik baketsuki baina sutsuki lan egiten jarraituko du. Estatutuei dagokienean ez dago aldaketa nabarmenik eta GA, gaur egungo zatiketa administratiboa gaindituz, bailaraka antolatzen jarraituko da.

Modu berean, ia aho batez Gazte Abertzaleek Nazio Batzorde berria aukeratu du, gaurtik aurrera Maider Carrere gazte donostiarra izango delarik Idazkari Nagusi berria. Berarekin bat Batzorde berrian Imanol Marañon (Antolakuntza eta finantzak idazkaria), Asier Gomez (Komunikazio eta marketin idazkaria), Juan Carlos Perez (Nazioarteko harremanen idazkaria), Josu Cristobal (Barne eta erakunde arteko harremanen idazkaria) eta Haritz Perez (Sozioekonomia idazkaria) egongo dira.

Kongresuaren itxiera ekitaldian Europako hainbat herrialdetatik etorritako delegazioek gonbidapena eskertu zuten, eta baita GAk urteetan zehar EFAy-en barnean egindako lana, kide-sortzaileetariko bat dela gogoratuz.

GAako Idazkari Nagusi berriak argi esan zuen “Gazteok gure tokia behar dugu, bai Euskal Herrian, baita Europan ere. GAk aspaldian, Mikel Irujo buru zela, honen garrantziaz jabetuz, gazteon lekua Europan aldarrikatzeko EFAyren sorrera bultzatu zuen. Eta argi izan ezazue GA hurrengo urteetan horretan jardungo duela, behinik behin, Euskal Herrian bizi dugun egoera zail honi konponbidea aurkitzeko Europara jo beharko dugulako.” Maider Carrerek ideiak argi ditu: “Aurretik gelditzen zaigun lan gogorrak ziur gaude bere fruituak ekarriko dituela, eta batez ere EAri begira, gure lana garrantzizkoa delako alderdiaren barnean. Gure erakundetik politiko trebeak, eta batez ere pertsona zintzo eta leialak atera dira: adibide argienak Iñaki Agirrezabala, Gurutze Azumendi, Fernando Velasco, Onintza Lasa, Maiorga Ramirez edota EAko idazkari nagusi dugun Pello. Azken honek ere hitza hartu zuen ekitaldian eta ondorengoa aldarrikatu zuen:“ Gazte Abertzaleak abertzaleak egiteko fabrika da, Eusko Alkartasunaren berebiziko oinarria izango da. Izan ere, Eusko Alkartasuna ez zen bera izango Gazte Abertzaleetatik pasa den jendeak utzitako aztarnarik gabe”; bere garaian Gazte Abertzaleetako idazkari nagusi izan zela gogoratu zuelarik.

Bestalde Gazte Abertzaleak oso pozik dago Deloreanen eta Rosa-Luxemburgen kontzertuan izandako arrakastarengatik, 400 pertsona baina gehiago bildu zituelarik eta GAn eta ziur daude horrelako ekitaldiak errepikatuko direla.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun