Egin diren hamar edizioetatik, nazioarteko kutsurik handiena izan du gaur Barinatxe hondartza sopeloztar-getxoztarrean egin den
Patxi Ros Saria izeneko lasterketa nudistak. Helmuga zeharkatu duten 64 lagunen artean, Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Kanadatik etorritakoak ere bazeuden. Hain zuzen ere, azken herrialde horretako Kassie Betts gailendu zaie korrika egin duten beste gainontzeko hiru emakumeei. Idoia Llona bilbotarra eta Marian Arrese donostiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gizonezkoen artean, egun Valladoliden (Espainia) bizi den Iñigo Gonzalez getxoztarra nagusitu da, lasterketa Fernando Suances bilbotarraren eta Asier Sada donostiarraren aurretik amaituz. Azkenik, Unai Lopez eta Mikel Sada dira helmugara heldu diren haur bakarrak. Argazkian, gaurko lasterketaren hasiera.