Ostiral eguerdian indarrean jarritako Uholdeen aurkako Larrialdi Plana atzo, larunbata, iluntzean bertan behera utzi zuen Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak, ekaitzak gutxitu egin direla eta. Beraz, metro koadroko 15 litrotik gora jasotzeko arriskua iragartzen zuen alerta horia amaitutzat eman zuten. Dena den, euri zaparrada txiki-ertainez ohartarazi zuten. Bitartean, gaur ere, Aldapa, Zubilleta, Salsidu, Fadura, Neguri Langile eta Larrañazubi auzoetako ehun bat bizilagun batu dira Algortako Ollarretxe errepideko errotondan, Gobela erreka ertzeetan uholdeen arriskua murriztuko duten lanak has daitezen eskatzeko, eta udal zein autonomi erakundeen "utzikeria" salatzeko. Protestak igandero errepikatuko dira "zulakariak Gobelan ikusi artean", adierazi dutenez. Hurrengo hitzordua, beraz, irailaren 27an da, eguerdiko 12etan. Bertako auzotarrek getxoztar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Argazkian, hainbat auzokide pankartari eusten, gaurko protestan /
© Arantza Gutierrez.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.