Ametsa egia bihurtu da azkenean: Getxo Arraun Taldea Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailan izango da datorren denboraldian. Gaur jokatu da Portugaleten, itsasadarreko uretan, Traineru Kluben Elkarteko (TKE) ligako play-offen bigarren eta azken estropada. Estutasunak igaroz, azkenean Koxtapek eta Astiilerok lortu dute TKEra igotzea. Atzo lortutako errenta oso garrantzitsu suertatu da pasaitarrentzat. Gaurko estropada Astillerok irabazi du, atzo bigarrena izan zen, 19:23.21 denbora eginez. Bigarrena, Meira izan da. Galiziarrek egundoko estropada egin dute eta Astillerori bi segundoko aldea atera diote. Hirugarrena Koxtape izan da, atzoko garailea, Astillerori 15 segundo eta Meirari 13 segundo ateraz. Bermeon izandako atzoko estropadan, Koxtapek 19 segundotako atera atera zion Meirari. Bi jardunaldiko denborak kontutan hartuta zazpi segundotako tartea izan da azkenean gipuzkoarren alde. Bestalde, Astillerok irabazita, galiziarrek ez daukate inolako aukerarik TKE ligan mantentzeko eta mendebaldeko ligara jaitsi dira. Ondorioz, Getxo Arraun Taldea KAE ligako lehenengo mailan izango da datorren denboraldian, Zierbena, Isuntza, Santurtzi, Busturialdea, Deustu, Arkote, Trintxerpe, Camargo, Hondarribia B, Orio B eta Donostiarra traineruekin batera. Argazkian, "Goizeko Izarra" traineru getxoztarra.