Arenas eta Athletic futbol taldeek indarrean daukaten hitzarmenari esker, denboraldi hasieran heldu zen Lezamara Isaac Aketxe Barrutia jokalari getxoztarra, Bilbao Athleticekin Espainiako Futbol Ligaren 2. B mailan jokatzeko. Bada, kategoria horretan bi partida egin ostean, gaur egin du debuta lehenengo mailan Aketxek. Vila-real taldearen aurka San Mamesen jokatutako norgehiagokan, gandor iliakoan kolpea hartu duen Fernando Llorenteren ordez sartu da futbol zelaian 20 urteko jokalaria, 79. minutuan. Minutu gutxi eman badizkiote ere bere joko ona erakutsi du aurrelari getxoztarrak. Esaterako, 90. minutuan Gaizka Toquerori eman dio azken pasea Aketxek, talde osoak harilkatutako jokaldi bati amaiera emateko asmoz. Hala ere, balio Vila-realeko ateko zutoinetik urrun joan da. Luzapenaren hirugarren minutuan, berriz, falta egitez gelditu behar izan du Aketxe Angel Lopezek. Horregatik, txartel horia atera diote atzelari vila-realdarrari. Azkenean, Athleticek 3-2 irabazi dio Vila-reali. Argazkian, Aketxe Lezaman entrenatzen (eskuineko azkena), Bilbao Athleticen aurkezpenean / © Athletic Club
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!