Uribe Kostako AAMk azaldu duenez, autobusa autopistatik joan zen Biriaturaino. Donostian istripu batek eragindako erretentzioa igaro ondoren, 16:20ak inguruan, Biriatuko mugatik kilometro bat eta erdiraino zegoen ilarara iritsi zen. Pixkanaka aurrera egin eta 16:45erako iritsi zen Espainiako Poliziaren kontroleraino. Bertan autobus pare bat eta auto batzuk zeuzkaten geldituta. Une batez gelditu ondoren, aurrera jarraitu eta Frantziako polizien kontrolera iritsi zen. Han, beste autobus pare bat eta beste auto batzuk ere erretenituta zeuzkaten. "Polizia frantsesak autobusera igo, guztien nortasun agiriak eta gidariaren paperak eraman zituzten", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Bidaiariak bertan egon ziren, autobusaren barruan."Autobusetik irteteko eskatu eta pertsona bat, txandaka, bide bazterrean txiza egin edo zigarro bat erretzeko, besterik ez zuten autobusetik irteten utzi", AAMk gaineratu duenez. Denbora guztian poliziak egon ziren autobusaren ateetan, inor bertatik irtetea galarazteko. Beste autobus batzuetan, ordea, jende guztia irten zen kanpora, bide bazterrera.
“Espainiara” itzultzeko agindua
Bitartean mugan autoak tantaka pasatzen joan ziren. Handik gutxira, baina, muga erabat itxi zuten, eta horrela eduki zuten, ordu erdiz, edo; Frantziako poliziak batetik bestera zebiltzala, autobusen inguruan. Azkenean, bertan ia ordubete egin ondoren, nortasun agiriak bueltatu eta atzera “Espainiara” itzultzeko agindu zieten, besterik gabe, bidaiarien protestei kasurik egin gabe. "Gure aurretik beste autobus bat itzularazi zuten. Bueltako bidea hartu genuenean, 10 kilometro inguruko auto ilarak betetzen zituen autopistako bi karrilak", amaitu dutenez.