Irailaren 23tik 30era bitartean, “Fotorretro Getxo 2009” argazki erakusketa hartuko du Algortako Telletxe plazak. Bertan, 250 argazki baino gehiago egongo dira ikusgai, San Nikolas Liburutegiko bildumatik hartuak,
Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Erakusketak etenik gabeko ordutegia izango du. Argazki horietan, Getxo eta getxoztarrak aro ezberdinetan ezagutuko dituzte bisitariek: XX. mendeko lehen urteetatik gure egunetara arte, alegia. Oraingo honetan, Algorta herriko argazkiek eta argazki-artxiboaren bildumari eginiko azken ekarpenek protagonismo berezia izango dute, antolatzaileen arabera. Getxoko argazkien artxiboan partikularrek eginiko ekarpenak eta dohaintzak daude. Nahi duenak San Nikolas plazako liburutegian eman ditzake argazkiak. Bertan, kopia digitalizatua egiten dute eta originala jabeari itzultzen diote. Argazki-artxiboa, sortu zenetik, apurka-apurka hazi da. Gaur egun milaka argazki dago. Argazkian, lagun ugari irudiei begira Telletxe inguruan, aurreko batean.