Astearte honetan, irailak 22, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta, haurrentzako tailerrak eta zinema antolatu ditu
Getxoko Udalak,
Mugikortasun Astearen barruan. Horiek izango dira aipatu jardunaldien azken jarduerak, zehaztu dutenez. Gauzak horrela, Areetako Xake plazan, 18:00etatik aurrera, energia berriztagarriei buruzko tailerra izango da. Bertan, auto ekologikoaren eta errota eolikoaren eraketa landuko dute neska-mutilek; baita energia aurreztea, mugikortasun iraunkorra eta abar bultzatzeko maketa erraldoiaren eraketa ere. Algortako Telletxe plazatik ordu berean abiatuta, oinez zeharkatuko dute udalerria eta klima aldaketaren inguruko erakusketa ere ikusi ahal izango da, bere eraginei eta arrazoiei buruzkoa, hain zuzen. Gainera, Algortako kultur aretoan, Villamonten, “Cenizas del cielo” izenburuko pelikula ikusi ahal izango da: zentral termiko baten alboan bizi den udalerri baten ingurukoa da. Proiekzioa 19:00etan hasiko da. Argazkian, Imanol Landa alkatea (atzean) Mugikortasun Astearen harira egiten den bizikleta martxan / Urtzi Altube -
Ilanda.eu.