Tesiaren egilea eta Saroiren sortzailea Maite Oronoz Anchordoqui da, eta bere lana Euskarazko akats sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura izenburupean aurkeztu du. Ikertzailearen iritziz, "euskararen egoera dela eta —estandarizazio-prozesuan dago, aberatsa da euskalkiei dagokionez, eta erdara indartsuek inguratzen dute— ohikoa da erabiltzaileek Euskaltzaindiaren arauetatik aldentzen diren hizkuntza-egiturak erabiltzea". Egitura zuzenetatik edo arauetatik desbideratzen diren egitura horiei "akats" deitu die tesiaren egileak.
Komunztadura-akatsak
Datetan, postposizio-lokuzioetan eta, batez ere, subjektu, objektu eta zehar-objektu funtzioa betetzen duten osagaien eta aditzaren arteko komunztaduran gertatzen diren akatsak detektatu ditu ikertzaileak ikerketa-lanean. akats horien bila corpus akatsa dutenak zein zuzenak automatikoki analizatzeko, EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearen analisi sintaktikorako prozesua erabili du Maite Oronozek, eta informazio linguistikoa adierazteko, berriz, XML bidezko oharpen-sarea.
akatsak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabiltzea erabaki du Oronozek. Hala, testuinguru lokaletan —segidan dauden bospasei hitzeko eremuetan— gertatzen diren akatsak detektatzeko eta zuzentzeko, hizkuntzaren tratamendu automatikoko bi tresna ezagun erabili ditu: Xerox Finite State Tool (XFST), datetako akatsak lantzeko, eta Murriztapen Gramatika (MG), postposizio-lokuzioen erabilera okerrak tratatzeko.
Egileari buruz
Maite Oronoz Anchordoqui (Hondarribia, 1972) Informatikan lizentziatua da. IXA taldeko ikertzailea da 1996az geroztik, eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle laguna da 2001etik hona. Bere lana UPV/EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko Arantza Diaz de Illarraza eta Koldo Gojenola irakasleen zuzendaritzapean egin du.