Iraila eta urrian zehar PATen aurkezpenak izango dira campus eta fakultateetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 21a, 21:25
Ikasturte berriarekin batera, Presoen Aldeko Taldeen (PAT) aurkezpenak egingo dituzte EHUko campus eta fakultate desberdinetan, iraila eta urrian zehar. Oraindik ez dituzte ekitaldi horien datak zabaldu amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako ikasleek. Hala ere, argi utzi nahi izan dute zein den aurtengo erronka nagusia: "Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen egoera lazgarria (preso gaixoak kartzelan mantentzea, ezkutuko biziarteko zigorra, bakartzea, isolamendua, manipulazio mediatikoa... ) salatzeaz gain, presoen ikasteko eskubidearen aldarrikapena ozen entzunarazi eta gauzak alda daitezen unibertsitatean eragitea", alegia. Argazkian, hileko azken asteazkenean egin ohi dute elkarretaratzea Leioa eta Erandioko campusean.
"Euren eskubideen kontra, Espainiar Estatuan preso dauden kideek debekatuta daukate unibertsitatean ikastea. Bitartean, Frantziar Estatuan ere okerrera doa kontua. Orain arte ikasteko eskubidea onartuta bazuten ere, gaur egun, lortutako emaitza akademikoak ezerezean uzteko mehatxua jaso dute", salatu du PATek. Bestalde, azken hilabeteotan izandako "errepresio" adibideak aipagai izan dituzte amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako ikasleek. "Debekuak, kargak, atxiloketak, zitazioak, mehatxuak eta muntaia polizialak eguneroko ogia dira egun hauetan", euren hitzetan. "Kolaborazio eskaera eta bahiketen kasuak" ere ez dituzte ahaztu nahi izan. Ezta Jon Anza iheslari politikoaren desagerpena ere.

XXI. mendeko gerra zikina

PATeko kideen hitzetan, "aurrez ere gerra zikina ondo ezagutzen duen herria da gurea, eta GALen garaietan bezala, kalean, lantegian, unibertsitatean, mobilizazioetan erantzun behar diogu XXI. mendeko gerra zikinari". Iheslari donostiarraren desagerpena "Espainiako Barne Ministerioan marrazturiko gerra zikinaren praktikaren ondoriotzat" jo dute, "beti ere Frantziako Gobernuaren konplizitate eta babesarekin". Zentzu honetan, "aurten ere inoiz baino indar gehiagoz, errepresioaren aurpegi guztiak salatzen" jarraituko dute unibertsitatean Presoen Aldeko Taldeek.

PATek zabaldutako adierazpena:

Unibertsitatean kurtso berria hasi da dagoeneko eta martxan jartzeko garaia dugu. Soberan ezagutzen dugu zein den herri honetan bizi dugun egoera: udan zehar herrietan nahiz espetxeetan jazotakoak ikusi besterik ez dago. Errepresioak geroz eta gogorrago kolpatzen gaitu eta, horregatik, amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako ikasleon borroka ezinbestekoa da garai hauetan.

Alde batetik, preso politikoen afera daukagu. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren gaineko presioa gero eta handiagoa da: preso gaixoak kartzelan mantentzea, ezkutuko biziarteko zigorra, bakartzea, isolamendua, manipulazio mediatikoa... Espainiar eta Frantziar Estatuak nazioarteko legeria eta eskubide hitzarmen ororen aurka ari dira.

Ikasle presoen egoera ere ez da nolanahikoa. Euren eskubideen kontra, Espainiar Estatuan preso dauden kideek debekatuta daukate unibertsitatean ikastea. Bitartean, Frantziar Estatuan ere okerrera doa kontua. Orain arte ikasteko eskubidea onartuta bazuten ere, gaur egun, lortutako emaitza akademikoak ezerezean uzteko mehatxua jaso dute. Horregatik, PATen aurtengo erronka nagusia, EPPKko kideen egoera lazgarria salatzeaz gain, presoen ikasteko eskubidearen aldarrikapena ozen entzunarazi eta gauzak alda daitezen unibertsitatean eragitea izango da.

Bestetik, errepresioak bere horretan segitzen duela ukaezina da. Azken hilabeteotan, inoiz baino gehiago errepresaliatu politikoenganako elkartasuna ezabatzen saiatu dira. Debekuak, kargak, atxiloketak, zitazioak, mehatxuak eta muntaia polizialak eguneroko ogia dira egun hauetan.

Kolaborazio eskaera eta bahiketen kasuak ere gero eta gehiago dira. Gerra zikinaren garaiak Euskal Herrira bueltatzen ari dira. Espainiar okupazio indarrak azken hilabeteotan hainbat euskal herritarrengana jotzen ari dira beraiekin kolaboratu dezaten eskatuz. Eskaera hori mehatxuez, presioez eta txantajeaz lagunduta joan ohi da gehienetan, herritarra bakarrik eta babesik eza egoeran dagoenean: kontroletan, leku ezkutuetan... Espainiar poliziekin kolaboratuko duten herritarrak nahi dituzte, informazio politikoa lortzeko, askapen mugimenduaren barne mailako informazioak lortzeko, pertsona zehatzen jarduera politikoaren gaineko informazioak lortzeko... Diktaduretan ohikoak diren jarduera hauek erabat aktibatuak ditu espainiar gobernuak militante independentisten aurka.

Aurrez ere gerra zikina ondo ezagutzen duen herria da gurea, eta GALen garaietan bezala, kalean, lantegian, unibertsitatean, mobilizazioetan erantzun behar diogu XXI. mendeko gerra zikinari. Bost hilabete dira Jon Anza euskal militantea desagertu zela, eta inoiz baino argiago dugu Jonen desagerpena ere Espainiako Barne Ministerioan marrazturiko gerra zikinaren praktikaren ondorioa izan dela, beti ere Frantziako Gobernuaren konplizitate eta babesarekin.

Zentzu honetan, unibertsitatean errepresioaren aurpegi guztiak salatzen jarraituko dugu aurten ere inoiz baino indar gehiagoz.

Ikasle presoak klasera!
Errepresioa ez da bidea!
Amnistia eta askatasuna!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun