Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, PSE-EEk “beti nahiago izan du hitzarmenei buruz hauteskundeen biharamunean hitz egitea, herritarrek hitz egin" ostean. Ildo horretatik, bere hitzetan, PSE-EEk "logikoki, erakundeetan emaitzarik onenak lortzea espero du. Hortik aurrera, ikusteko dago zer nolako itun eta hitzarmen lor daitezkeen, momentuz guk nahi duguna emaitzarik onenak lortzea da eta, noski baietz, hauteskundeetaz hitz egiteko goizegi da nire ustez". Odon Elorza Donostiako alkate sozialistak ere eman du iritzia. Berak behintzat, ez omen du PPrekin akordiorik egingo, "ezein motako frontismoak saihesteko”. Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarraren presidentea PSE-PP koalizioari aurre egiteko, “euskal gizartearen erantzunaren” alde agertu da gaur, horren helburua “EAJ boteretik kentzea” delako.
PP isilik
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren ordezkaririk ez du egun hauetan gutxienez ahorik zabaldu. Dagoeneko apiril hasieran hainbat buruzagi popular aritu ziren PP-PSE akordioa bestelako erakundeetara zabaltzeaz. "Ikasle onek" ez dituztela gauzak "irailerako" uzten esan zuen Alfonso Alonso Arabako PPko presidenteak, Radio Vitorian egindako elkarrizketan. "Horrenbestez, zentzuzkoa da oporretan joan aurretik kontua konponduta izatea", gaineratu zuenez. Egun berean, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak “baieztatu” egin zuen Arabako Gobernua eta Getxoko Udala eskuz aldatuko zirela. Nolanahi ere, ez zuen eperik jarri.