Ezker abertzaleak "inposizioz jokatzea" egotzi die administrazio publikoei: "betiko moduan, udako hilabeteak erabiltzen dituzte aurreproiektuak eta alegazioak aurkezteko epeak ezartzeko. Herritarren borondatearen aurkakoak diren irizpide ekonomikoak baino ez dituzte buruan", salatu dutenez. Halaber, "oztopoak jartzea eta gardentasun faltaz aritzea" egotzi diote Leioako Udalari; "Lamiakoko auzokideak ez direlako era egoki batean informatuak izan eta, horrez gain, ez delako inolako parte hartze prozesurik bultzatu". Bestetik, "araztegiak izango dituen eraginak txikiaraztea" leporatu diote EAJren Udal Gobernuari.
Kokapena
Bilbo Handian dauden urak arazteko, bata bestearen alboan egongo diren tamaina handiko bi araztegi (bata Lamiakon eta bestea Galindon) egitea "ez da irtenbide jasangarriena, ezta ekologikoena ere", ezker abertzalearen ustez. Aipatu dutenez, milioi bat biztanleren ur zikinak bertara joango dira, eta araztutako urak ia toki berdinean isuriko dira. "Jakin badakigu, ibaira isurtzen den uraren %4a badituela araztu gabeko partikulak, horrek uraren berreskurapenean atzerapausoak emanez, araztutako ura ibaiak jasotzerakoan", azaldu dutenez. Horrez gain, ez dute ahaztu nahi izan balizko istripu batek eragin litzakeen kalteak, "Bilbo Handiko ur gehienak puntu berdinean kontzentratu egiten direla jakinda". Gauzak horrela, Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimeneko kideek bezala, Bizkaia-Bilbo Ur Partzuergoak 1979an egindako Saneamendu Plana ekarri dute, baita 15.000 biztanletik gorako udalerriek bere saneamendurako azpiegitura propioak izan behar dituztela dioen uraren eremuko zuzentaraua ere. Saneamendu Planean 5 araztegi aurreikusten ziren Bilbo inguruan: Asuan, Etxebarrin, Galindon, Lamiakon eta Muskizen, hurrenez hurren. Araztegi horietatik Asua eta Etxebarriko proiektuak ezeztatu dira.
Bestalde, kokaguneari dagokionez alternatibak emateko betebeharra ezartzen duen xedapena ez du betetzen aurreproiektuak, ezker abertzalearen arabera. "Lamiakoko auzokideengan eta ingurugiroarengan izango duen eragina ez du aurreikusten. Ematen den arrazoi bakarra Lamiakon tokia dagoela da", gaineratu dutenez. Auzokideak erre horretaz kexu dira. Berango, Derio, Erandio, Getxo, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika, Urduliz, Sopela eta Zamudioko ur zikinak eraman nahi dituzte Lamiakora. Hori dela eta, 160 kilometro koadroko eremuan araztegia jarri ahal izateko bestelako oruberik ez egotea "sinesgaitzat" jotzen dute bizilagunek.