Jarrairen 30. urteurrena urriaren 17an ospatzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ira. 22a, 15:31
Datorren urriaren 17an Jarrai gazte erakunde ilegalizatuaren jaiotza eta Euskal Herriko gazte mugimendu nazionalaren 30. urteurrena ospatzera deitu dute gazte independentistek. Gaztesarea gazte komunikabideari bidalitako prentsa oharrean agertu dutenez, "irailean abiatu eta urriaren 17an burutuko den ospakizun nazionalarekin orain arte egindakotik ikasiz aurrera urrats sendoak ematera goaz, irabaztera goaz!". Izan ere, PSOE, UMP eta PSE-EEren gobernuek erabilitako "gerra estrategia eta bide polizialaren antzutasuna agerian gelditu" direlakoan daude Gazte Independentistek. Era berean, datozen hileotan dozenaka gazte "Segiko kide izateagatik epaituak izango" direla gogoratu dute, "kale borrokaren aitzakiaren pean hasierako momentuan, muntaia politiko polizial eta mediatikoen bidez". Horregatik, azaldu dutenez, "independentista eta sozialista izateagatik... erasotuak bagara, egiten dugun lan horren berrespena egin eta lana bera indartzeko erabiliko ditugu epaiketa hauek". Tartean, "independentismoak bizirik" dirauela eta "egun alternatiba erreala eta egingarria" dela azpimarratu dute. Argibide gehiagorako: independentzia.net. Argazkian, maiatzaren 6an, Leioa eta Erandioko campusean egindako agerraldia / Gaztesarea.
Gazte independentisten oharra:

Argazkien ehiza, debekuak eta zipaioen bortizkeria, aurtengo udan astez aste eta jairik jai errepikatu diren egoerak. Ezker Abertzalea itoaz, gure ildoa geldiarazteko urratsak baino ez ditu eman estatuak. Herri honen etorkizuna bidegurutzean iltzaturik dagoen unean, Euskal Herriaren eskubideak errespetatuz independentziari aukerak irekiko dizkion norabidea har dezagun ekiditeko makinaria osoa abian ezarri du PSOEren gobernuak: erakundearen aurkako operazioak, presoen aurkako eraso eta atxiloketak, gazteon kontrako operazioak, Egunkariaren epaiaren jarraipena, biktimen kontuarekin egindako ofentsiba, Remiren erailketa, presoen argazkiak, gerra zikin eta "inkontrolatuen" garaietara garamatzan gertaera ezberdinak...

Erasoaldia gogorra izan arren, kontrako efektua eragin du. Presoen argazkien inguruan sorturiko sorgin ehizaren aurrean presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak biderkatuz, debekuen aurrean kaleak hartuz edota presoen harreren debekuen aurrean aurre egiteak Ares eta Lopezek gidaturiko ofentsiba errepresiboaren porrota jartzen dute mahaiaren gainean.

Horrela ba, PSOE-ren gerra estrategia eta bide polizialaren antzutasuna agerian gelditu dira, beste behin ere politikoa den gatazkari irtenbide politikoa eman behar zaiola mahai gaineratuz. Egoera hau PSOE diskurtso gabe uzteraino heldu da, gerra ministro den Rubalcabak esandakoak horren adierazle: "ezker abertzaleak kondenatu arren inoiz ez da izango legala".

Ikasturte hasiera honetan, lehengo lepotik burua gehienek. Gazte independentistok aldiz, urtemuga garrantzitsuak ditugu begi-bistan: 2009. urteko gudari egunaren karietara, 50 urte betetzen dira frankismoaren iluntasun eta etsipen egunetan txinparta txiki batek gaur arte iraun duen itxaropen sua piztu zuenetik. Dena galdutzat ematen zenean, gerra zibil garaian borrokatu zuten gudarien lekukoa hartuz, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari ekin zitzaion. Hauts hartatik ustekabean, 1959ko uztailean, ernatu zen ETA. Hauts hura, geldika haize bolada bilakatuz joan zen, nazio askapenerako mugimendu zabal bat gorpuztuz.

Euskal Herriaren askapen mugimenduaren baitan espazio propioa behar zutela ikusirik, gazteak antolatu eta borrokatzeko eremua sortu zuten duela 30 urte: JARRAI. Orduz geroztik, estatuek eta hauek kudeatzen duten sistema kapitalista patriarkarrak gazteria zapaltzeko ezarri mekanismoei aurre egin eta sistemak sortzen dituen arazoak borrokatzeko tresna izan da. Drogen fenomenoaren aurrean, prekarietatearen aurka, intsumisioaren borrokan, ABLE-en aurka, AHT-ren aurrean... borroka zehatzak martxan jartzeaz harago, gazteria proiektu politiko oso baten baitan bilduaz. Biharko Euskal Herria gaurdanik eraikitzeko alternatiba garatuz, gazteriaren gaitasuna mahai gainean ezarriz.

Gure borroka indartzean estatuen erantzuna argia izan da, gazte borroka geldiarazteko errepresioaren erabilpena: ZEN plana, Y taldeak, terrorista izendatzea, zerrenda beltzak, ADNa... Udazken honetan bertan, eskualde ezberdinetako gazteon aurkako epaiketak hasiko dira. Kale borrokaren aitzakiaren pean hasierako momentuan, muntaia politiko polizial eta mediatikoen bidez, atxilotutako gehienak SEGI-ko kide izateagatik epaituak izango dira. Euskal Herria aldaketaren garaian dagoen honetan, gazteria bereziki kolpatua da, etsaiak ongi baitaki gure izaera eraldatzailea eta askapen mugimenduaren beharrezko erregaia garela. Errepresioaren erabilerak beraz, proiektu politiko baten aldeko lana bera zigortu nahi du, mugimendu politiko bat desagerrarazi, kriminalizatu, belaunaldien arteko kate begia moztu. Disidentzia eta borroka espresio oro desagerrarazi nahi dituzte! Oraingo egoera lehen ere bizi izan da, baita okerragoak ere, baina eskura duten makinaria guztia erabili arren ez dute kate begia apurtzerik lortu, etengabe gazte belaunaldi berriak borrokara batu garelarik.

Independentista eta sozialista izateagatik, beste jendarte eredu baten aldeko borrokatzeagatik, gure auzo, herri eta ikastetxeko mugimenduaren parte izateagatik... erasotuak bagara, egiten dugun lan horren berrespena egin eta lana bera indartzeko erabiliko ditugu epaiketa hauek. Independentismoa da terrorista bihurtu dutena, borrokatzea bera. Hori nahi badute, Euskal Herriko kaleak terroristaz beteta daudela, gurekin zereginik ez dutela erakutsiko diegu.

30 urtetan askapen prozesua bizirik mantentzeko gai izan gara eta biharko Euskal Herria egunez egun eraikitzen dihardugu. Gazte borroketan izandako lorpenez gain, herri hau aldaketaren atarira ekarri dugu, aukerak ireki ditugu. Independentismoak bizirik dirau eta egun alternatiba erreala eta egingarria da. Eraiki dezakegu 2009an herritarren beharrei erantzungo dien lege sistema, bizimodu duina garatzeko baliabideak denok izan ditzagun. Gizon zein emakumeen arteko harreman parekideetan oinarriturik, balore askatzaileen baitan eraikitako jendarte eredua behar dugu. Herritarra, euskalduna eta parekidea izango den hezkuntza sistema antolatu daiteke. Aldarrikapen soiletik hara, egunez egun eraikitzen hari garen herri proiektua da independentzia, beharrezkoa izateaz gain, errealitate bilakatzen ari garena. Independentzian bizi nahi duen herria gara, independentzia pertsonal eta kolektiboa, ekonomikoa, gure lurrarekiko errespetuan eta herritik herrira egindako independentzia batean bizi nahi dugu.

Erreala eta ezinbestekoa herri hau heriotzara kondenatua izan ez dadin mahai gainean dugun proiektu bakarra. Inoiz baino garrantzitsuagoa berriz une hauetan independentziaren aldeko borrokara lotzea, guztia baitugu irabazteko.

Gazte erakundearen 30. urteurrena ospatzera goazen honetan, gure herriz, auzo zein ikastetxeetan belaunaldi ezberdinen arteko harremanean sakonduz, azken urteetan borrokara batu diren lagunak zein gaur egun independentziara lotzen garenak, kamiseta gorriak soinean ditugunak, irailean abiatu eta urriaren 17an burutuko den ospakizun nazionalarekin orain arte egindakotik ikasiz aurrera urrats sendoak ematera goaz, irabaztera goaz!

30 urte antolatzen, borrokatzen eta independentzia lortu arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun