Hainbat hedabideri bidalitako oharraren bitartez, iazko urritik Euskal Herri osoan gertatutako 25 eraso faxista hartu ditu bere gain Falange y Tradicion taldeak. "Independentismoaren eta komunismoaren aurka" aritu direla diote. Frankismoaren biktimen oroitarrien aurkako eraso eta Espainiaren aldeko zein Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen aurkako pintaketak tartean,
Sonia Polok jasandako heriotza mehatxuen egiteak eurak direla adierazi dute. Bilbotar peto-petoa, baina Sopelan hainbat urte bizi eta aurtengo Aste Nagusiko txupinera izan denari, egunkari batetik ebakitako bere argazkia eta 9mmko kalibreko parabellum bala bat zeraman gutun bat bidali zioten, Sergio Polo ETAko kidearen arreba izateagatik, PPk eta PSE-EEk bere aurka egindako kanpainaren ostean.
Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserriaren kontrako erasoa ere eurek egina dela dio Falange y Tradicionek. "Zigor hiltzaile", "Hilda zaude", "Gora Espainia terrorista" eta "Hil zaitezte" leloak espainolez pintatu eta atariko oin-zatarra eta sasi batzuk gasolinaz erre zituzten ezezagunek, uztailaren 17an. Argazkian, suak utzitako arrasto batzuk eta ezezagunek Zigor Goikoetxeari egindako heriotza mehatxua.