Topaseko (Salamanca, Espainia) espetxean dauden euskal preso politikoek
abuztuaren 10ean hasitako borrokaldia bertan behera utzi dute, kartzelako zuzendaritza berriak zein jarrera hartzen duen ikusi arte,
"Gara" egunkariak adierazi duenez. 17 euskal preso politiko daude Topasen gaur egun, Iñigo Otazua algortarra eta Aiboa Casares astrabuduarra tartean. Presoek azaldu zutenez, urte hasieratik hainbat bizi-baldintzaren etengabeko murriztea pairatu dute, eta horri aurre egiteko itxialdi eta barauak eginez protesta egitea erabaki zuten. Ildo horretan, espetxeko zuzendaritzak ezarri izan dien bakartze politika izan da "larriena". Ezagutzera eman zutenez, hainbat hilabetetan aldarrikatu izan dute bakartze zigorra bertan behera utz dezaten, baina eskaera horri jaramonik egin ez eta udan bakartze politikari ekin zion kartzelako zuzendaritzak. Oinarrizko bizi-baldintzen inguruan "atzerapauso nabarmenak" ere nabaritu dituztela salatu zuten. Hala nola jarduerak eta ikastaroak desagertzea, jaso daitezkeen pakete eta gutun kopurua murriztea, preso sozialek baino dei gutxiago izatea, ikasteko arazoak, lagunen zerrenden atzerapenak, senitartekoekin ikustaldiak egiteko oztopoak eta abar luze bat. Argazkian, presoen aldeko manifestazioa Algortan.