Urtaro berria 23:19an hasiko da, gaur, eta apurka-apurka egunak laburragoak izango dira: eguzkia bezperan baino minutu bat geroago ateratzen da eta bi minutu lehenago sartu. Hori dela eta, arratsaldetan nabaritzen da gehien egunak laburragoak direla. Nolanahi ere, egoera hori nabarmenagoa izango da urriaren 25etik aurrera, egun horretan ordubete atzeratuko dira erlojuak eta "neguko ordutegia" hasiko da. Igandeko hiruak direnean, erlojua ordubete atzeratuko da (ordu biak izango dira), horrenbestez, egunak ordubete gehiago izango du. Eguraldiari dagokionez, "parametro normalen barruan" egongo da udazkena,
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Ondorioz, ez dute gertakizun aipagarrik espero. Baliteke azaroan haize hotzaren sarreraren bat izatea, ohikoa izaten denez. Halaber, aste egonkorren bat izan genezake, antizikloiak eraginda; orduan, izotza egin lezake barnealdean. Gaurtik aurrera eta iraila bukatu arte, berriz, antizikloia nagusituko da, eta eguraldi lehorra eta eguzkitsua dago iragarrita. Lainoak eta behe-hodeiak ere egon litezke lehen orduetan. Egoera, behintzat, hilaren 28ra arte ez da aldatuko. Argazkian, udazkenean egin dezakeen eguraldiaren beldur dira Gobela inguruan.